Gipuzkoako Hondartza Boleibol Txapelketak irabazi dituzte Fortunako jokalariek
Marta Maci eta Ainhoa Garcia izan dira txapeldunak haur mailan, eta Laura Garcia eta Paula Perez kadeteetan.
Gipuzkoako Hondartza Boleibol Txapelketak jokatu zuten joan den asteburuan, haur mailakoek larunbatean, eta kadeteek igandean, Zurriolan. Binakako lehiak jokatu zituzten partaideek eta Fortuna Kirol Elkarteko jokalariek oso emaitza onak lortu zituzten. Izan ere, haur mailan, Fortunako Marta Maci eta Ainhoa Garcia izan ziren txapeldunak, eta Lidya Pinilla eta Judith Perez bigarren postuan geratu ziren. Hala, Galiziako Boiro herrian abuztuan jokatuko den Espainiako txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuten. Kadeteetan, berriz, Laura Garcia eta Paula Perez izan ziren onenak, eta Euskadiko Selekzioarekin Espainiako Txapelketan parte hartuko dute.
Datorren asteburuan ere boleibol lehiek jarraituko dute Zurriolan. Gipuzkoako Txapelketekin jarraituz, larunbatean jubenilak lehiatuko dira, eta igandean, berriz, open mailako partidak jokatuko dituzte.