Izagirre: "Urumearen biziberritzea beharrezkoa da ahaztuta egon diren auzoak eraldatzeko"
Uholdeei aurre egiteko lanak 2014an has daitezen, hitzarmen bat sinatu dute gaur URA agentziak eta Donostiako Udalak. Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatearen ustez, “hiri honek merezi du Urumearen aldeko apustu garbia. Eta apustu horrek uholdeak ekiditeko erabat klabea izango den hitzarmen hau sinatzera ekarri gaitu”.
Hitzarmenari esker, Martutenen Urumea ibaia uholdeetatik babesteko proiektua jarriko dute abian, eta erakunde bakoitza dagozkion ardurak hartzen hasiko da. Udalak lurrak erabilgarri jarriko ditu, URA agentzia uholdeei aurre egiteko lanekin has dadin.
Bestalde, Donostiako Udalak bi ekaitz tanke egingo ditu, 4.000.000 euroko inbertsioa eginez. Eta Urumea inguruan egin beharreko eraispenak ere udalak egingo ditu, 180.000 euroko inbertsioarekin.
Izagirrek adierazi duenez, “Urumea da hiri honen benetako bizkarrezurra. Urumearen biziberritzea Donostiarentzat guztiz estrategikoa eta beharrezkoa da, beti ahaztuak egon diren auzoen egoera goitik behera eraldatzeko”.