Udalarekin euskara erabiltzeko deia egin diete herritarrei
http://youtu.be/OQVHYjp4CVM
Udaleko harrera guneen %95ean bermatzen dute euskaraz artatuak izateko eskubidea.
Donostiako Udalak herritarrei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina bat jarri du abian, udalarekin dituzten harremanetan euskara erabil dezaten animatzeko. Hala, Udalean ere euskaraz kanpainaren baitan beste pauso bat eman dute. Izan ere, pasa den neguan udal langileen artean abiatu zuten kanpaina, eta orain herritarrei luzatu diete deia.
Juan Karlos Izagirre alkateak eta Nerea Txapartegi, Euskara eta Kultura arduradunak aurkeztu dute kanpaina. Hamabost eguneko iraupena izango du, eta mezu argia helarazi nahi diete herritarrei: “donostiarren eskubidea da udalean bi hizkuntza ofizialen artean aukeratu ahal izatea; beraz, herritar orok du euskaraz artatua izateko eskubidea, ahoz zein idatziz, esparru guztietan”, adierazi du Txapartegik.
Horretarako, udal langileak prestatzen “lan handia” egin dutela adierazi dute, eta lan horri esker, gaur egun udalari lotutako harrera guneen %95 omen dira herritarrak aukeratzen duten hizkuntzan artatuak izateko eskubidea bermatzen dutenak. Dena dela, kopuru hori %100era iristea dela helburua esan du alkateak. Izan ere, Izagirreren arabera, “udal gobernuak konpromiso irmoa du euskararekin. Agintaldia hasi zenetik agerian utzi dugu euskara babestea, normalizatzea eta sustatzea dagoela gure lehentasunen artean”.
Gainera, konpromiso horretan “administrazioari dagokio herritarren aurrean eredugarri izatea eta baita legeak bete eta betearaztea ere”. Hala adierazi du alkateak, baina herritarrei ere eskatu die ahalegina: “Donostia euskararen hiria izatea nahi badugu, bizitzako alor guztietan erabili behar da euskara, eta udalean ere bai, noski”.
Herritarrentzako kanpaina
Erabilera sustatzeko, Udalean ere euskaraz, udal langileekin erabilitako lelo bera erabiliko dute. Hiriko hainbat pertsona ezagun eta beste hainbat herritar ageri diren hiru spot prestatu dituzte, administrazioarekin izan ohi diren jokaerak, galderak edo bizipenak irudikatuz.
Hamabost egunez erakutsiko dituzte bideoak eta irrati iragarkiak hiriko hedabideetan, eta baita udalaren webgunean ere. Horrez gain, udal eraikinetan euskarri desberdinak jarriko dituzte Udalean ere euskaraz leloarekin, herritarrei euskaraz hitz egin dezaten animatzeko.
Erlazionatutako edukiaUdalean euskararen erabilera areagotzeko guztiek egingo dute ahalegina