Mintzalagunen 20. urteurren jaia antolatu du Bagerak
Jarduerako kide izandakoek eta direnek bat egingo dute, ostiralean, Egiako Gazteszenan.
Mintzalagun egitasmoa duela 20 ikasturte hasi zen Donostian, 12 lagunekin. Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak bultzatu zuen jarduera, eta sekula baino bizi gehiago dauka gaur egun; izan ere, hiriko kaleetan barrena 200 lagun mugitzen ditu astero-astero, euskaraz hitz egiten. Hala, euskara ikasleek euren egunerokotasunean euskaraz hitz egiteko erraztasuna lortzen dute, dagoeneko hizkuntza menperatzen dutenen laguntzarekin. Donostiaz gain, Euskal Herriko beste 70 herrietara zabaldu da jada Mintzalagun jarduera, eta 6.500 mintzalagun daude guztira euskara zabaltzen. Hori guztia ospatzeko, Mintzalagunen 20. urteurren jaia antolatu du Bagerak, ostiralerako, 20:00etan, Egiako Gazteszenan.
Mintzalagunean oinarritutako esketx umoretsuak prestatu ditu Zurriola Antzerki Eskolak jairako, eta tartean, bertsoek, dantzak, abestiek eta bestelakoek ere ez dute hutsik egingo. Sarrera doakoa izango da, baina aurrez izena eman beharra dago bagera@bagera.net posta elektronikora idatzita edo 943 46 71 81 telefono zenbakira deituta.


