Susana Garcia Chueca, PSE-EEko zinegotzia, Eusko Jaurlaritzatik datozen diru laguntzen datuak erakutsiz. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Sozialistek onartzen dute Donostiako Udalaren egoera ekonomikoa ona dela, baina kezkatuta agertu dira urtez urte kanpoko erakundeetatik jaso beharreko diru laguntzak gutxituz doazelako. Susana Garcia Chueca, zinegotzi sozialistak adierazi duenez, “ederki dakigu zein egoeratan utzi genuen Udala, eta ondo dakigu baita ere, eskatzen ez bada, ez dutela diru laguntzarik ematen”.
Horixe da hain zuzen ere sozialistek leporatzen diotena udal gobernuari; “ez dute diru laguntzak lortzeko ahaleginik egiten, baina noski, utzikeria orokorra da. Izan ere, proiekturik edo programarik aurkezten ez bada, nekez joan daiteke inora diru eske”, adierazi du Garcia Chuecak.
PSE-EEk azken urteetako diru laguntzen datuak eskatu dizkio udal gobernuari, eta jasotako datuen haritik etorri da gaurko salaketa. Sozialisten arabera, 2010etik hona nabarmen gutxitu dira Espainiako Gobernutik eta Eusko Jaurlaritzatik bideratutako diru laguntzak. Foru Aldunditik jasotakoak, berriz, maila berean mantendu dira, gutxi gora-behera.
Garcia Chuecak adierazi duenez, “Odon Elorzaren garaian ikasi genuen Ministerioz Ministerio eskean ibiltzea zer den, baina ez dugu ahaztu behar eskatzen den guztia Donostiaren onerako dela; udal gobernu honek ez du eskatzen, ez Madrilen eta ez Gasteizen, beraz, euren utzikeriagatik milaka euro galtzen ari da hiria”.