EPPKren bitartekariak auzipetu dituzte, "ETAko kide" izatea egotzita
“ETAko kide” izatea egotzi die Javier Gomez Bermudez epaileak Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Iker Sarriegi, David Pla, Julen Zelarain, Jose Domingo Aizpurua eta Naia Zurriaraini. Hauez gain, Gomez Bermudezek Saioa Agirre, Juan Maria Jauregi eta Nerea Redondo ere auzipetu ditu. Enparantza, Sarriegi, Jauregi eta Redondo donostiarrak dira.
Gomez Bermudezen arabera, presoak “kontrolpean edukitzeaz” arduratzen ziren Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) bitartekariak. Urtarrilean atxilotu zituzten abokatuak. Autoaren arabera, abokatuak arduratzen ziren presoak “kontrolpean” edukitzeaz, haiei egiten zizkien bisitez baliatuta, eta elkarrizketa horietan lortutako informazioa “erakunde armatuko zuzendaritzari” helarazten zioten. Hala, Gomez Bermudezen iritziz, “ETA erabat integratutako taldea” zen Halboka, eta presoekin eta preso ohiekin lotutako gaiak “kudeatzeaz” arduratzen zen.