Alderdi politiko guztiek Donostia 2016 proiektuari babesa adierazteko agerraldi bat. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Azken hilabeteetako aurrerapenak baloratu eta 2016rako aurreikuspenak aztertzea izango da batzordearen zeregina.
Hiriburutzen Jarraipen eta Aholkularitza Batzordea Donostiara etorriko da bihar, 2016 Fundazioa egiten ari den lana gertutik ezagutzeko, apirilaren hasieran Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek helarazitako gonbitari erantzunez.
Jarraipen honen helburua aukeratutako hiriari proiektua garatzen eta gauzatzen duen bitartean laguntza eta babesa ematea da, eta baita Hiriburutza urtea iritsi bitarteko faseak burutzen ari diren heinean aholkuak, zuzenketak eta hobekuntzak proposatzea ere.
Bihar Donostiara etorriko diren batzordekideak Steve Green eta Ulrich Fuchs dira. Hainbat bilera egingo dituzte udaletxean. Juan Karlos Izagirre alkateak goizean goiz egindako harreraren ostean, batzordeko kideak Donostia 2016 Fundazioaren Patronatua osatzen duten erakunde guztien ordezkariekin eta Xabier Payak, Garbiñe Muñoak eta Enara Garciak osatzen duten Aldi Baterako Zuzendaritza Teknikoarekin ere elkartuko dira.
Bestalde, Udaleko kideekin beste bi bilera ere egingo dituzte. Lehenik, udal talde guztiekin bilduko dira, proiektuarekiko babesak bere horretan irmo dirauela baieztatzeko. Eta bestetik, Amaia Almirall, Txuri Aranburu, Kepa Korta, Manu Narvaez eta Euken Sese kide dituen Udal Batzorde Teknikoarekin bilduko dira; Udalaren eta Donostia 2016 Fundazioaren arteko harremanak erraztea da batzordearen zeregina.
Azkenik, Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeak beste bilera bat
egingo du Donostia 2016ren kultur programaren barneko proiektuak
garatzen diharduten lurraldeko zenbait eragilerekin.
Bilera eta bilera artean, batzordeko kideek prentsaurreko bat eskainiko dute, 17:30etik aurrera.