Sozialisten arabera, udal gobernuak ez ditu maila berean neurtzen animalien tratu txarrak. Igeldoko jaien baitan egingo dituzten zaldi probak aipatu ditu Marisol Garmendia, PSE-EEko zinegotziak; “zezenak ez, baina antza festarako zaldiak erabiltzea zilegia da”, esan du Garmendiak.
Zaldi probak eta idi probak Igeldoko jaien egitarauan daudenez, bereziki kritiko agertu da zinegotzi sozialista Juan Karlos Izagirre alkatearekin. “Bilduk donostiar guztioi debekatu digu zezenketak ikustea, baina Igeldon animalien ikuskizunak baimentzen dituzte. Zaldiak gustura ibiltzen ote dira ba harriari tiraka eta akuiluaren eztena sentituz”, kritikatu du Garmendiak. Tratu txarrak debekatzekotan animalia guztientzako debekatu behar direla uste dute sozialistek; “zaldiak ez direla hiltzen ez da aitzakia nahikoa zaldi probak baimentzeko”.
Horren harira, ikuskizunetarako animalia batzuen baimentzea eta besteen debekua azal dezatela eskatuz, interpelazio bat aurkeztuko du PSE-EEk datorren udalbatzarrean.
Zaldi probak gaur egingo dituzte Igeldoko plazan, 22:00etan. 700 kiloko harriari tiraka ibili beharko dute animaliek indarrak ahitu bitartean.