Txalaparta doinuekin omendu dute Balentxi. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Urtero legez, 2006an zendu zenetik egin ohi duten bezala, Jose Manuel Balentziaga
Balentxi (1935-2006) omendu dute Kaian, Nautikoan, bertan itota hil baitzen duela zortziko urteko uztailaren 14an. Apaiz donostiarra oso pertsona maitatua zen hirian, behartsu, zokoratu eta zapalduen alde egindako lanagatik. Bada, gaur senide eta lagunen omenaldia jaso du, ekitaldi xume eta hunkigarri batean. Bere arreba Koro Balentziagak, Balentxik berak sortutako Drogak Eragindakoen Elkarteko ordezkari Maite Riberok eta preso eta iheslarien ordezkari batek hartu dute hitza, besteak beste. Jexux Arrizabalaga euskaltzaleak zuzendu du ekitaldia, eta gogoratu du Nautikoko begiratokiari Balentxi izena jartzeko eskaera egin dutela, baina ez dutela baiezkorik jaso.
Senide eta lagunen hitzez gain, omenaldian txalapartan eta kantuan aritu dira. Benito Lertxundiren
Itsasoari begira eta Imanol Larzabalen
Mendian gora haritza abestiak kantatu dituzte. Era berean, aurreskua dantzatu diote apaizari. Azkenik, loreak bota dituzte itsasora, Balentxi hil zen lekuan bertan.