Zinemaldiko galetarako sarrerak bihar jarriko dituzte salgai
Zinemaldiko Inaugurazio, Donostia Sariak eta Klausura galetarako sarrerak bihar (ostirala) jarriko dituzte salgai Internet bidez. Goizean hasiko da salmenta, 09:00etatik aurrera. Kutxabank eta Zinemaldiaren webgunean eros daitezke. Gainerako sailetarako sarrerak bezala, igandean hilaren 14an, 9:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira, Zinemaldi Plazako leihatiletan (Kursaal Elkarguneko beheko solairuan), eta baita Kursaal Elkarguneko leihatiletan ere.
Sail ofizialeko inaugurazio gala eta Denzel Washington aurtengo Donostia Sariaren gala hilaren 19an izango da 21:00etan. Benicio del Torori Donostia Sari berezia emango diote hilaren 26an, 22:00etan. Eta Sail Ofizialeko klausura gala hilaren 27an izango da 20:30ean.