dBizik 1.600 erabiltzailerekin bete du lehen urtea
“Datuek argi uzten dute sistema guztiz errotuta dagoela hirian”, azaldu du Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak.
“Donostia izan da munduko lehen hiria %100 elektrikoa den bizikleta publiko sistema ezartzen”, dio harro Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak. Abian jarri zenetik, urtebete egin du hiriko bizikleta sistema publikoak, eta 12 hilabete horietan 1.600 erabiltzaile izatera iritsi da; horietako %62 dBizi txartelaren jabe direlarik, eta gainontzekoek Mugi erabiltzen dutelarik. Orain arteko balantzearen berri eman du Albizuk, Jaione Gastañares dBiziko arduradunarekin batera. Lehen urtea zaila izan dela onartu du Albizuk, baina aldi berean, ontzat jo du: “Datuek argi uzten dute sistema guztiz errotuta dagoela hirian”. Gaur egun, eguneko 17.000 mugimendu egiten dituzte batezbeste bizikleta publikoaren erabiltzaileek.
Albizuk esan duenez, momentuz hamabi geltoki daude bizikletentzat, baina laster beste lau jartzeko asmoa dute: Arrasate kalean, Isabel II.aren kalean, Loiolako Erriberan eta Intxaurrondon. Hala, pixkanaka sistema auzo garaietara ere zabaldu nahi dute.
Gastañaresek hainbat datu aipatu ditu:
- Geltokirik erabiliena: Udaletxe aurrekoa, bai irteera eta bai helmuga moduan.
- Ibilbiderik ohikoena: Udaletxetik Pio XII.a plazara eta Easora.
- Erabiltzaileen batezbesteko adin tartea: 30-60 urte artekoa.
- Sistema gehien erabiltzen duten herritarren adin tartea: 50-60 urtekoa (%26’11).
- Erabiltzaileen jatorria: Gehienak donostiarrak dira (%76’35), eta horien artean Antiguakoak dira gehienak (%24’49). Gipuzkoarrak %10 dira, eta horien artean hernaniarrak dira sistema gehien erabiltzen dutenak (%12’5).
- Joan-etorrien batezbesteko iraupena: 23 minutu.
- Bizikletak gehien erabiltzen diren egunak: Astelehenetik ostiralera; asteburuetan erabilerak nabarmen egiten du behera.


