“Auzo guztiz berria eta erosoa izango da” ziurtatu du Juan Karlos Izagirre alkateak.

Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotzia, Juan Karlos Izagirre alkatea, eta Jabi Vitoria Ogasun arduraduna.(Argazkia: Estitxu Zabala)
Txomin Eneako aldaketa geroz eta gertuago dago. Dagoeneko auzoa hiru metro igotzeko lanekin dabiltza, uholdeek bertan berriro kalterik ez egiteko helburuarekin, eta planak aurrera jarraitzeko pauso garrantzitsua eman dute udaletxean. Izan ere, udal Gobernu Batzordeak Txominen lanak egiteko 22’7 milioi euroko konpromiso kreditua onartu du, gaur goizean. Hala, datozen hiru urtetan lanak egin ostean, Txominetik alde egin behar izan duten bizilagunak 2016rako auzora itzultzen hastea espero dute. “Inguru horrekin dugun zor historikoa kendu nahi dugu. Ilusioa piztu genuen eta gure hitza bete nahi dugu”, adierazi du Juan Karlos Izagirre alkateak, goizean emandako prentsaurrekoan. “Auzo guztiz berria eta erosoa izango da”, gehitu du Izagirrek.
Batzordeak hartutako erabaki hori, udalbatzak onartu beharko du, eta Izagirre ziur dago aurrera egingo duela, gai horrekin udaleko alderdi guztiek duten “konpromisoa” dela eta. Behin udalbatzarrean onartuta, lanak nork egin erabakitzeko lehiaketa ireki beharko dute. Zehazki, 900 etxebizitza baino gehiago eraikitzea aurreikusi dute arduradunek; horietako 95 auzoan bizi diren bizilagunentzat, 424 babes ofizialekoak (udalak sustatutako 162ak alokairuzkoak izango dira), eta 281 libreak.
Urtez urteko diru aurrekontuen banaketa honela egitea aurreikusi dute arduradunek:
- 2015: 438.350 euro
- 2016: 1.361.553 euro
- 2017: 14.117.119
- 2018: 3.839.770 euro
Dagoeneko 16 milioiko inbertsioa
Donostiako Udalak URA agentzia ere sartu du Urumea ertzeko lanetan, zubiak ordezkatzen eta ibaia zabaltzen parte har dezan. Hala, udalak jada 16 milioi euroko inbertsioa egina du (Txomin Enean, 11’5 milioi eta beste 4,5 milioi Martutenen). Hartara, beharrezkoak diren lursailak URAren esku jartzeko.