Aste Nagusiko denboraleak eragindako kalteei aurre egitea lortu dute Piratek
La Flamenkako txikizioak konpontzeko, 90.000 euro eskatu zituzten, eta herritarren aldetik jasotako erantzunak “harritu, poztu eta hunkitu” egin dituela aitortu du Batiste Ezeiza bozeramaileak.
abuztuaren 12ko kontzertuak bertan behera utzi behar izan zituzten, eta La Flamenka gunea azkar hustu eta itxi behar izan zuten. Ez zen zauriturik egon, baina kalte materialak sekulakoak izan ziren Piratentzat. Hala, ondorioei aurre egiteko, 90.000 euro lortzeko eskaera egin zuten, eta gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez, ia diru guztia biltzea lortu dute. Kontu korrontearen bidez 20.000 euro inguru jaso dituzte; ostiral hartan egindako elkartasun kontzertuan, berriz, 3.000 euro bildu zituzten; eta sekula baino material gehiago saldu zuten Aste Nagusiko azken egunetan. Hala, herritarren aldetik jasotako erantzunak “harritu, poztu eta hunkitu” egin dituela aitortu du Batiste Ezeiza Piraten bozeramaileak.
Gainera, laguntza ekonomikoaz gain, hainbat lagunen lan boluntarioa eta jasotako laguntza oso garrantzitsua izan zela aipatu dute. “Hainbat langile tresneria teknikoa lehortzen eta konpontzen aritu ziren, besterik gabe bustitako materialaren dirua eskatu ordez; musika talde askok elkartasuna adierazi ziguten eta ez zizkiguten eskainitako kontzertuak kobratu; soinu eta argi enpresek, hondatutako materialaren kostuaren parte bat euren gain hartu zuten. Mila esker, benetan”, gehitu du Ezeizak.
Momentuz, ez dute beste ezer antolatzeko asmoa diru gehiago biltzeko helburuarekin. Hala, datorren urteko Aste Nagusian ere egitarau zabala osatzeko aukera izango dutela uste dute, aurtengoak eragin negatiborik izan gabe. Edonola, gertatutakoarekin izugarri ikasi dutela aipatu du Mireia Mochales bozeramaileak: “Badakigu halako egoerei aurre egiteak indartu egiten gaituela aurrera begira. Mila esker berriz ere era guzietako ekarpenak egin eta mugimendua babestu duzuen guztioi”.
Gogorra izan da Donostiako Piratentzat 2014ko Aste Nagusia. Denboralde gogorraren ondorioz,