Juan Karlos Izagirre alkatea, eskuinean, gaurko ez ohiko udalbatzarrean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Herritarrekin aurten 149 bilera ofizial izan dituztela jakinarazi du Juan Karlos Izagirrek, «bi egunetik behin»; politika orokorreko urteko ez ohiko udalbatzarra egin dute, legegintzaldiko azkena.
«Herri partaidetza ez da eslogan politiko bat». Juan Karlos Izagirre alkatearen hitzak dira hauek, hiriaren egoerari buruz hitz egiteko ez ohiko udalbatzarrean esandakoak. Hain zuzen ere, urteko balantzea egitea egokitu zaie gaur udal taldeei, eta alkateak herritarren parte hartzea bermatzeko egindako lana nabarmendu du. «Herri partaidetza ez da eredu idealista bat bakarrik, hiri bat hobeto kudeatzeko modua ere bada», zehaztu du.
Aurtengo balantzea egiteko ez ezik, azken hiru urte eta erdiko errepasoa egiteko ere baliatu dute udalbatzarra, politika orokorreko legegintzaldiko azkena izanik. Izagirrek herri partaidetzaren garrantzia berretsi du, eta parte hartzean oinarritutako hiri eredua sendotu dutela azpimarratu du.
Adibide gisa, urtarriletik urria arte, udal gobernuak herritarrekin 149 bilera ofizial egin dituela jakinarazi du, «bi egunetik behin». Hainbat gai jorratu dituzte bilera horietan, eta horiek ere zerrendatu ditu. Aurrekontuak herritarrekin batera osatu dituztela adierazi du. 18 auzotan egin dituzte bilerak, eta aurrekontuetan 213 proposamen jaso dituzte. Lorategi Hiriaren diseinua loiolatarrekin batera zehaztu dutela ekarri du gogora, eta Altzako kiroldegiarekin gauza bera egin dutela esan du. Antiguan gazteen esku utzitako espazioa aipatu du, eta, bestalde, Urumeako erakunde arteko batzordean herritarrak ordezkatuak daudela nabarmendu du. Aste Nagusiko egitaraua osatzeko eta Munto plazako diseinua zehazteko bilerak ere aipatu ditu partaidetza arloan egindako lanaren harira, besteak beste.
Izagirrek partaidetzaren defentsa egin du: «Ezin dugu politika egin herritarrik gabe. Herritarrekin adostu gabeko poltikak porrota dakar». Donostia «behetik gora» aldatzeko konpromisoa berretsi du, eta «herri antolatua herri bizia» dela esan du.
Oposizioaren erantzuna
Oposizioak herri partaidetzari buruz alkateak egindako adierazpenak izan ditu hizpide. EAJko bozeramaile Eneko Goiak «apaltasun piska bat» eskatu dio udal gobernuari: «Urte asko eman ditugu oposizioan, ez gara Marten bizi, herritarrak gara, eta donostiarrei ez diegu bizkarra eman politika egiteko orduan. Herri partaidetza ez duzue zuek asmatu, ez da zuekin hasi. Apaltasun piskat bat eskatuko nizueke, mesedez».
PPko bozeramaile Ramon Gomezek ere alkatearen agerraldiaren aurka egin du: «Partaidetza etxean hasten da, Udalbatzari entzuten. Partaidetzari buruz ari zarete, opisizioarekin hitz egiteko gai ez zaretenean».
PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok iritzi berekoa dela agerian utzi du: «Kexak eta iradokizunak bikoiztu dira legegintzaldian. Alkateari zuzendu zaizkion hamar herritarretatik bederatzik ez dute erantzunik jaso. Hau ere herri partaidetza da».
Aurreko legegintzaldian PSE-EEk egindako lana ere ekarri du gogora Gascok. «Zuek ez duzue oraindik kontsulta bat bera ere egin, eta guk egin genuen Groseko Katalunia plazarekin, Odon Elorza zegoenean, bertako diseinua herritarrekin batera adosteko. 1-0 ari gara irabazten», adierazi du.