Kaxilda liburu denda ireki dute berriz, Arroka kalean
Joan den astean Beltzuria (Pamiela) liburua aurkeztu zuen, eta orain, Mursego, Idoia Zabaleta eta Harkaitz Canorekin batera emanaldi bat egingo du.
Astean gutxienez jarduera bat egitea espero dute Kaxildan, eta hiruhileko programazioa izango dute. Beraiek antolatzen dituzten jarduerez gain, prest daude euren espazioan proposamen gehiago jasotzeko eta programa osatzeko. Eta prest daude berriz ere topagune izateko. Gaur 22:00ak arte izango da denda zabalik. Jatetxea eta kafetegia, berriz, astelehenean irekiko dute.
Astelehenetik aurrera kafetegia eta jatetxea ere izango da.
Hilabete batzuk Easo plazan eman ondoren, Kaxilda Arroka kalera itzuli da. Ezin izan du espazio berdina berreskuratu, jada desagertu egin baita proiektua abian jarri zuten eraikina. Amaran hainbat berritze lan egiten ari dira, eta aldaketa horietara egokitu behar izan du Kaxildako lan taldeak. Liburu denda inauguratu zuten lekutik gertu daude, Arroka kaleko 2. zenbakian, Amarako frontoi txikiaren ondoan.
Gaur bertan ireki ditu ateak, eta jada jende andana gerturatu da espazio berria ezagutzera. Liburu dendaz gain, Kaxilda jatetxe eta kafetegia izango da berriro ere. Horregatik, lan taldeak kide berri bat izango du: sukaldari lanetan ariko da Karmele Sobejano, Egiako Garraxi jatetxearen proiektua abian jarri zuena. Janari begetarianoa emango dute, baina arraina eta haragia ere izango da aukeran.
Esteban Zamora Kaxilda liburu dendako kideak azaldu dio IRUTXULOKO HITZAri “pribilegio bat” izan dela auzoan geratzea -hilabeteotan Easo plazan izan diren eraikina ere bota egingo dute- . Hasieratik auzotarren harrera izugarria izan dela azpimarratu du: “Guk argi geneukan, auzoan estralurtar ez izateko, bertako errealitatea ezagutu behar genuela. Lehendabizi Amarako auzotarrekin hasi behar genuela harremana; eta ondoren hiriarekin. Amodio istorio bat izan da Kaxilda eta auzoaren arteko harremana”.
Energiaz beteta itzuli dira Arroka kalera, eta laster jarriko dute abian programa berria. Larunbatean egingo dute lehen jarduera Kaxilda berrian. Itziar Rozasen liburu berriaren inguruan aurkezpen berezi bat egingo dute 19:00etan.