
Behobia Z lasterketako parte hartzaile batzuk. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Behobia Z lasterketarekin hasi dira kaleko giroa berotzen. Zonbiek Bulebarra hartu dute hiriko lasterketarik motel eta beldurgarrienean.
Arau bakarra bete behar zuten Behobia Z lasterketako parte hartzaileek, korrika ez egitea. Eta gustura bete dute agindua. Zonbiek ez baitute korrika egiten, hilobitik ateratzen direnean motel ibiltzen baitira. Jende andana ibili da zonbien moduan gaur arratsaldean egin duten lasterketa berezian. Bulebarreko kioskoan mozorrotu ondoren, Bretxa ingurura gerturatu dira, Behobia Zren irteerara.
Iazko danbor jotzaile zonbiak ere berpiztu dira Beldurrezko Astearen inaugurazio egunean, eta beraien eskopeten suarekin hasi dira parte hartzaile guztiak helmugarantz joaten, Bulebarreko kioskorantz. Haurrak, gazteak, helduak… Askotariko zonbi korrikalari motelak ibili dira Bulebarrean. Batzuk aizkora eskuan, beste batzuk zauri beldurgarriekin, beste batzuk odolez blai eginda, beste batzuk gurasoen besoetan… Desfile izugarria egin dute, eta ikusle askok gozatu dute ikuskizunarekin.
Behobia Z lasterketaren ondoren, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen zaleak lehen filmak ikustera sartu dira Antzoki Zaharrera eta Viktoria Eugeniara. Azaroaren 1a arte generoko makina bat film ikusteko aukera izango dute guztiek.
Erakusketak eta beste hainbat jarduera ere egingo dituzte aste honetan.