Musika, komiki eta fanzine artean murgilduta
Subterfuge zigiluak, Beldurrezko Asteak bezala, 25 urte bete ditu aurten, eta erakusketa batean urte hauetan guztietan egindako lan guztia jaso dute: fanzineak, sariak, kartelak, disko azalak… Irudi fantastiko, umoretsu eta dibertigarriak ikus daitezke bilduma honetan. Eta haren zigilupean jaio diren hainbat talde arrakastatsuren lanak gogora ekartzen ditu: Fresones Rebeldes, Dover, Killer Barbies eta Australian Blond-enak, besteak beste.
Zein lotura dago diskoetxea eta zinema jaialdiaren artean? Bien arteko harreman estua: “Beti gustatu zaigu beldurrezko eta fantasiazko zinemaren estetika. Erakusketa honetan Beldurrezko Asteari lotutako lan asko ikus daitezke. Fanzineak, kontzertuen kartelak eta film laburrenak, besteak beste”, azaldu du Carlos Galan Subterfugeren sortzaileak.
Galanek berak azaldu du diskoetxearen sorrera: “Musika, zinema eta komikiari buruzko fanzine gisa hasi zen. Horiek baitira nire hiru pasioak. Ezin izan nuen zinema egin, baina behintzat musika eta komikia editatzeko aukera izan dut. Undergroundaren zale amorratua naiz eta beti izan dut gustuko b serieko estetika eta ‘zuk zeuk egin’ filosofia.
Madrilen erakutsi zuten lehen aldiz, eta orain Donostian, Okendo kultur etxean aurkeztu berri dute: “Tiraderatan gordeta geneukan material askori hautsa kendu diogu. Berezia da hau guztia hemen erakustea, jaialdiarekin izan dugun harremanarengatik”. Egun, diskoetxean Donostiako bi musika proiektu dituztela esan du Galanek, PLV Havoc eta Joe La Reina.
[box]Erakusketa: Subterfugeren erdira bidaia.
Noiz: Abenduaren 5a arte. Astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.
Non: Okendo kultur etxean.[/box]


