Neskek hondartzako futbol txapelketan parte hartu dute lehen aldiz
Sexuaren araberako diskriminazioari aurre egin, eta berdintasunezko irizpideen alde egin du Donostia Kirolak. Eskola Kiroleko Kontxako lehia hasi da gaur, eta neskek ere aukera izan dute hondartzan futbolean jokatzeko. Lehen aldia izan da, orain arte mutilen taldeena baitzen lehia. Neskek beste zelaietan jokatzen zuten.
Kontxako hondartzak gehienez 15 zelai markatzeko aukera ematen du, eta, ondorioz, jardunaldi batean 45 partida joka daiteke hiru txandatan. Izena eman duten mutilen taldeak 91 dira, beraz, orain arte jardunaldi osoa betetzen zuten; eta hori zen, beste arrazoien artean, nesken 25 taldeek hondartzan jokatzea eragozten zuena.
Donostia Kirolak, Arartekoa eta gurasoekin bat eginik, pentsatu zuen, sexuaren araberako diskriminazioa saihesteko eta neskek egiten duten kirolari presentzia publiko handiagoa emateko, futbola praktikatzen den eremu publikoetan, eta bereziki Kontxako hondartzan, berdintasunezko irizpideak jarraitu behar zituela.
Lanean hasi zen berdintasunezko lehiaketa osatzeko konponbidearen bila. Aurkitutako konponbidea, ikasturte honetan aplikatuko dena, ikasmailaren arabera lehiaketak banatzea da, eta ez sexuaren arabera orain arte gertatzen zen moduan.
Gaurtik hasita eta urtarrilaren 4a arte, lehen hezkuntzako 5. mailako futbol-8 lehiaketa egingo da, hondartzako jardunaldiak (itsasaldiek uzten dutenean) eta futbol zelaietako jardunaldiak txandakatuz. Urtarrilaren 31tik aurrera, lehen hezkuntzako 6. mailako mutil eta neskek erreleboa hartuko dute.


