Lanak bukatzeko eskatu dute loiolatarrek hainbat protestatan. Irudian, irailean egindako manifestazioa. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Antonio Aiz Garraio sailburuordeak Loiolako geltokiaren proiektuari buruzko azalpenak emango dizkie auzotarrei ostegunean.
Loiolako auzo elkartea pozik dago. Igor Alonso elkarteko kidearekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, Eusko Jaurlaritzak 2015eko aurrekontuetan Loiolako geltokia egiteko 2 milioi euroko diru partida onartu ondoren. Antonio Aiz Garraio sailburuordearen idazkariaren deia jaso zuen Alonsok, eta hala izan du Euskotren sareko lanei buruzko azken albistea. Albisterik onena, haren ustez, lanak hasteko 2 milioi euroko partidaz gain, 2018. urtea arte beste 15 milioi bideratzeko konpromisoa izan da.
Lanak hurrengo urtean hasiko direla esan diote Alonsori, eta azaroaren 6an, ostegunean, Antonio Aiz Loiolara joango da proiektuari buruzko azalpenak ematera. Bilera irekia izango da, Loiola kultur etxean, 19:00etan.