Iazko Behobia-Donostia. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Pastelak taldeko gozogileek ere bat egin dute Behobia-Donostiarekin. Bihar, larunbata, Konstituzio plazan lasterketaren 50. urteurrena ospatzeko jaian izango dira, baina euren erara: 20 metro koadroko tarta bat egingo dute plazan bertan, 16:00etatik aurrera.
Bizkotxozko oinarria izango du tartak, eta kremaz beteko dute. Gainean, berriz, txokolatezko 50 handi bat eta Behobia-Donostiako logoa jarriko dizkiote. Barrenetxe, Geltoki, Muruamendiaraz, Gorrotxategi, Unanue, Egaña eta Sayalero gozotegietako gozogileek egingo dute tarta. 1.500 arraultza, 75 kilo azukre, 36 kilo irin eta 72 litro esne erabiliko dituzte, eta 3.500 bat zatitxo banatuko dituztela aurreikusi dute.
Lasterketaren urteurreneko jaia 18:30ean hasiko da, eta gozokiaren banaketa 19:00etatik aurrera egingo dute, doan.