Kirol instalazio modernizatua eraikiko da Josu Ruiz Kiroletako zinegotziaren arabera. (Argazkia: Erreala)
52 eguneko epea irekiko dute proiektuak aurkezteko.
Udaleko talde guztiek aho batez onartu dituzte Anoeta kiroldegia berritzeko lehiaketaren pleguak, eta EBAO Europa Batasuneko Aldizkari Ofizialera bidaliko dute erabaki bateratua. Lehiaketa argitaratu bezain laster, 52 eguneko epea irekiko dute interesa dutenek beren proiektuak aurkeztu ditzaten.
Estadioa berritzeko 45 milioi euroko aurrekontua ezarri dute, eta estadio berriak 40.000-45.000 ikusle inguru jasotzeko ahalmena izango du. Horrekin batera, miniestadioko armailak gerturatuko dituzte, eta 5.000 ikusle arte jasotzeko gaitasuna izango du.
Kiroletako zinegotzi Josu Ruizen arabera, Anoeta berritzeko”behin betiko” pausoa eman dute gaur: “Sekulako berria da hiritarrentzat, behingoz, futbol eta atletismo estadio egokiak eta modernoak izango ditugulako. Nazioarteko lehiaketak jasotzeko ahalmena izango du estadio berriak, eta miniestadioan futbol eta errugby partidak egin ahal izango dira”.
Adostasuna emendakin txikiekin
Pleguan emendakin txikiak egin dituzte, esate baterako, obrek irauten duten bitartean Kultur Etxea eta Federazioak tokiz aldatu beharko dira, eta karteletatik
AK kendu eta soilik
Donostiako Udala jarriko dute.
EAJko zinegotzi Eneko Goiak, “Donostiarako oso berri ontzat” jo du Anoeta Kiroldegiaren Kontseiluak Anoetako estadioa berritzea ahalbideratuko duen lehiaketaren baldintza orriak onartu izana, eta mini-estadioaren jarleku kopurua 3.500raino igotzea onartu izana goraipatu du, bere esanetan, horri esker garrantzi handiagoko atletismoko ikuskizunak antolatzeko aukera izango duelako hiriak.