Boluntarioen Saria jasoko du Koldo Aulestiak, alzheimerra dutenekin egin duen lanarengatik
Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek prentsaurreko bat eskaini du, gaur, Maria del Rio foru zuzendariarekin eta Koldo Aulestiarekin batera, 2014ko Boluntarioen Saria ezagutzera emateko. Foru ordezkariak Aulestiaren lan solidario eta eskuzabal ordainezina azpimarratu du: “Sari honen bidez sustatu nahi ditugun boluntariotza eta elkartegintzako balioen eredu paregabea da. Gipuzkoar solidario bat da; gizarte-konpromiso sendoa du, eta bere denbora eta bizitza eskaintzen ditu, borondate osoz, alzheimerra dutenek ongizate hobea izan dezaten eta Gipuzkoa herrialde solidarioagoa, adinekoekin arduratsuagoa eta guztiontzat zerbitzu publiko hobeagoz hornituagoa izan dadin”.
Rodriguezek gogoratu duenez, 35 urtean borondatezko lanetan aritzeaz gain, AFAGI elkarteko lehendakaria Gipuzkoako alzheimerdunen eta bestelako dementziadunen ahotsa izan da azken hamarkada honetan. Gaixotasun horrekin izan zuen bizipen pertsonalak eraginda, erretiro aurreratua hartu zuen kolektibo horren ordezkaritza eta defentsa lanetan buru-belarri aritzeko. AFAGI elkartearen zuzendaritzan egin dituen urteetan, kudeaketa modu berriak sartu ditu, eta, horri esker, elkartegintzari eginkizun nabarmena eman zaio, boluntarioen sarrera bultzatu baita. 2012ko urtearen bukaeran, Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Familien Elkarteen Espainiako Konfederazioa osatzen duten 19 federazioen ordezkariek Donostian egin zuten topaketa batean, Koldo Aulestia lehendakari izendatu zuten aho batez. Orduz geroztik, bi erakundeotako lehendakaritzak uztartzen ditu elkarrekin.
Saria emateko ekitaldia ostegunean izango da, hilaren 4an, Foru Jauregiko Jargi Aretoan; Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak emango dio 2014ko Boluntarioen Saria Koldo Aulestiari.
Gipuzkoako Boluntarioen Saria duela 20 urte sortu zuen Aldundiak, Gipuzkoako hirugarren sektorea osatzen duten pertsona eta erakundeen emana eta ekarria aitortzeko. Modu horretan, balioan jarri nahi da gizarte ehunaren partaidetza, gure gizartearen altxor paregabea baita. Gainera, sari hori boluntarioei ematen zaie, haien erakundeen ordezkari gisa. Zentzu horretan, aipatu du “Gipuzkoa lurralde solidarioa” dela, datu hauek erakusten duten bezala: “700.000 biztanleko lurralde honetan, 4.500 elkarte baino gehiago ditugu boluntario lanetan. Aldundiak bere babesa eta laguntza ematen die elkarte horietako askori, bai diru laguntzak emanez, eta baita informazioa eta prestakuntza eskainiz ere”.
Hauek dira azken Boluntarioen Sariaren azken ekitaldietako irabazleak: AGIPAD (1999); ACASGI (2000); Gipuzkoako Pentsiodunen Elkartea (2001); Nagusilan (2002); Karitateko Alabak (2003); DEE (2004); CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006); Juan Maria Garitano (2007); Izan fundazioa – Gizakia Helburu (2008); Behar Bidasoa (2009); DYA Gipuzkoa (2010); Itxaropen Telefonoa (2011); Laringektomizatuen elkartea (2012); Odol Emaileak (2013).



