‘Imanol Gogoan-10 urte’ izeneko kantu ikuskizuna prestatu dute hainbat euskal artistak, abenduaren 7rako.

Viktoria Eugeniako emanaldian parte hartuko duten artistetako batzuk, gaur goizeko agerraldian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Imanol Larzabal kantari antiguatarra hil zenetik hamar urte igaro dira. Hori dela eta, Joxe Anjel Arbelaitz produktoreak zerbait egin nahi zuen, bere lagunaren omenez; hala, Joxean Goikoetxea akordeoilariarekin harremanetan jarri zen, eta hainbat euskal sortzaileri deitu zieten, ikuskizun bat prestatzeko. Halaxe sortu dute
Imanol gogoan-10 urte izeneko kantu ikuskizuna, eta gaur goizean aurkeztu dute partaideetako batzuk, Viktoria Eugenia Antzokian. “Imanoli ohore egin nahiko genioke”, aipatu du Arbelaitzek. Ikuskizuna ikusteko bi aukera egongo dira momentuz, horietako bakarra Donostian. Viktoria Eugenian izango da kontzertua, datorren abenduaren 7an, igandean, 19:00etan. Ikuskizuna bi zatitan banatuko dute, tartean atsedenaldi bat izango duelarik; sarrerak dagoeneko salgai daude,
Donostia Kulturaren webgunearen bidez, 18 euroren truke. Bigarren emanaldia Bilboko Arriaga Antzokian izango da, abenduaren 11n.
Jabier Muguruza, Joxean Goikoetxea, Napoka Iria, Felipe Juaristi eta Antton Valverde izango dira ikuskizuneko partaideetako batzuk. Hala, Imanolen kantagintza zabaletik abesti batzuk aukeratu dituzte, eta musikari bakoitzak bere ukitua emango dio. “Imanolen diskografia begiratzen hasi, eta egin nuen lehenengo galbahean 40 abesti aukeratu nituen. Oso zaila egin zitzaidan aukeraketa egitea. Azkenean 40 abestitik jaitsiko gara, baina ez asko”, azaldu du Goikoetxeak.