Karlos I.aren hiribidea moldatu nahi du aldundiak, errepidea bota gabe

Joseba Altube Bide Azpiegituretako zuzendaria eta Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatua, azalpenak ematen. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Amarako bizilagunen aspaldiko eskaera da Karlos I.aren hiribideko zubibidea kentzea. Inguruko auzotarrek behin eta berriz esan dute errepide horrek auzoa bitan banatzen duela, eta autoen joan-etorriek sortzen duten soinua jasangaitza dela. Gaurkoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposamen berri bat egin du, zubibidea bota gabe, inguruaren egoera hobetzeko. Aldundiaren estudioaren berri eman dute Joseba Altube Bide Azpiegituretako zuzendariak eta Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak, gaur eguerdian egindako prentsaurrekoan. Aldundiak aurkeztutako proposamenak arazo estetikoa eta akustikoa konponduko ditu Ugarteren arabera, eta gainera, proiektu “egingarria” eta “merkea” dela azpimarratu du. Azken batean, etxe arteko errepide zatia ondoko bi kale zatien maila berean jartzea proposatu du aldundiak, hala, auzoa banatzen duten harresi gehienak ezabatuko liratekeelarik.
Tuneletik Amara aldera igarota,Karlos I.aren 28 zenbakitik aurrera, errepidearen aldapa handitu nahi dute, lehenbailehen kalearen maila berean geratzeko. Irteerarako errail bakarra utzi nahi dute arduradunek, eta sarrerarako bi; hala, geratuko diren hiru errailak estutu egin nahi dituzte, hiru metro eta erditik hiru metrora. Egungo errepideak duen lekua murriztuko denez, berdeguneekin bete nahi dituzte bi aldeak. Autoen abiadura murrizteko, hiribide osoan abiadura 50 km/h mugatuko dute, eta semaforodun hiru zebrabide jartzea aurreikusten dute, auzoaren alde batetik bestera erraztasunez igarotzeko: Isabel II.aren parean, bestea Etxeberri plaza inguruan, eta Katalina Erauso eta Eustasio Amilibia parean. “Hobekuntza estetikoa nabarmena izango da, egun arazoak baitaude alde batetik bestera joateko”, gehitu du diputatuak.
Gaur goizean aurkeztu diete proiektua Amarako bizilagunei, eta 30 lagun agertu direla esan du Ugartek. Ongi erantzun omen dute amaratarrek, baina kontua aztertu nahi omen dute. “Euren iritzia beraiek eman beharko dizuete”, aipatu du Ugartek.
Behin estudioa eginda, proiektuaren txostena prestatu behar du aldundiak. Ondoren, Batzar Nagusietara igaroko litzateke gaia. Alderdien arteko adostasuna lortuta, lanak 2015ean hasi eta bukatzea aurreikusten du aldundiak. Guztira, 900.000 euroko kostua izango luke proiektuak, eta 2015eko aurrekontuetan, urtarrilerako diru partida hori bideratzea proposatu dute. Hala, datorren urteko udaberrian lanak hasi eta udararako bukatuta egotea nahi dute.
Beharrezkoa baina moldagarria
Donostiako udalak guztiaren berri duela esan dute aldundiko arduradunak. Hala, euren proiektua egin ezkero, udalak ondoren hirigintza proiektuak gauzatzeko hainbat aukera izango lituzteela azaldu dute. “Epe laburrean egin daitekeen aldaketa da, eta ez du eragozten etorkizunean zubia botatzea”, gehitu du Ugartek. Momentuz, ordea, Karlos I.aren zubibidea mantentzea beharrezkotzat jotzen du. Izan ere, Ugarteren hitzetan, Martuteneko biribilguneak zirkulazio desbideratu du, baina oraindik ere egunero 14.000 autok erabiltzen dute Amarako errepidea. Edonola, etorkizunean auto horientzat beste alternatiba bat sortzen bada, Amarako zubibidea bota daitekeela aipatu du. Udaletxean bilera ostiralean Gipuzkoako Foru Aldundiak Karlos I.aren hiribidearen inguruan egin duen proiektuaz balorazioa egin du udal gobernuak. Nora Galparsoro Azpiegitura zinegotziak hala adierazi du: Gaur aurkeztu duten proiektua mahai gainean jarritako behar horiei erantzuteko bidean doa. Garbi daukagu Karlos Iek beste erabaki batzuk, sakonagoak, behar dituela, baina begi onez ikusten dugu proiektua”. Udaleko Karlos I.aren Batzordearen presidente gisa, Juan Karlos Izagirre alkateak bilera deitu du datorren ostiralerako, hilak 5, 11:00etan. Batzorde horretan Donostiako Udaleko alderdi guztiak ordezkatuta daude, eta Karlos I.aren inguruko azken berriak eta datozen pausoak aztertuko dituzte.


