Orfeoiak eta Musikenek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute
Bi erakundeek lortutako akordioaren bidez, abesbatzetako euskal musika indartu nahi dute.
Musikenek eta Donostiako Orfeoiak bat egin dute. Eremu geografiko bera partekatzen dute bi erakundeek, eta musika arloko hezkuntza eta profesionalizazioa bultzatzen dituzte, beraz, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten atzo, abesbatzetako euskal musikari bultzada bat emateko asmoz. Musikene, Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegia da, eta bertako zuzendari akademiko Miren Iñargak sinatu zuen hitzarmena, Orfeoiko presidente Jose Maria Etxarrirekin batera.
Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango du, baina automatikoki berrituko dute. Haren bitartez, bi erakundeek konpromisoa hartu dute ikasturte bakoitzean, gutxienez, elkarrekin kontzertu bat egiteko; hau da, Donostiako Orfeoiaren abesbatzetako bat (Orfeoia, Orfeoi Gazte eta Orfeoi Txiki) eta Musikeneko taldeetako bat (Orkestra Sinfonikoa, Musikene Sinfonietta, Banda Sinfonikoa eta Big Band). Dagoeneko 2015eko otsailerako eta azarorako kontzertu bana lotuak dituzte. Horretaz gain, musika arloko ikerketa bultzatuko dute bi erakundeek eta, horretarako, Orfeoia-Musikene izeneko aipamen berezia sortuko dute, urtero emango diotena ikasketa amaierako lanik onena aurkezten duen ikasleari. Sari horren oinarriak eta baldintzak Musikenek ezarriko ditu.
Hainbat abantaila izango dituzte ikasleek hitzarmenari esker. Musikeneko Koru Zuzendaritzako ikasleek Donostiako Orfeoiaren abesbatzetako batzuekin egingo dute ikasketa amaierako azterketa. Bestalde, Musikeneko ikasleek praktikak Orfeoiaren abesbatzaren batekin egiteko aukera ere aztertuko dute. Jarduera hori abesbatzen ohiko jardunaren barruan dauden aukeren arabera erabakiko da, bi alderdiak ados jarrita.