Barrutiekin piztu da ika-mika
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kide Xabier Arberasek adierazitakoaren arabera, «teilatutik hasi dira barrutien etxea egiten». Hain zuzen ere, herritarren iritzia kontutan hartu gabe hartu dutela erabakia salatu zuen. «Hiria barrutietan banatzea hain ona, hain beharrezkoa bada herritarrentzat, uste dugu azalpen publiko bat eman behar zutela aldez aurretik. Guk bapatean jakin dugu, ez genuen honen berririk», erantsi zuen.
Hiria lau barrutietan banatzeko araudiari hasierako onarpena eman zioten PSE-EEk, PPk eta EAJk, Bilduren kontrako botoarekin, urriko udalbatzarrean. Egun batzuk lehenago, hogei auzo elkartek agerraldia egin zuten udaletxean, eztabaida atzeratu zezatela eskatzeko; herritarrekin gaiari buruz hitz egin eta euren iritzia jaso arte, bederen. Bada, eztabaida egin, egin zuten.
Udalbatzarrera auzo elkartetako ordezkariak hurbildu ziren, saioa bertatik bertara jarraitzeko.