Arte Ederren antzoki ohiaren eraistea saihestuko duen babes maila eman dio Eusko Jaurlaritzak aipatutako eraikinari, maiatzean jakinarazi bezala. Hain justu, Monumentu gisa kalifikatutako Kultur Ondare izendatu du, udal gobernuak eskatu bezala.

Arte Ederren eraikinean babes neurriak jarri dituzte. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Arte Ederren antzoki ohiaren eraistea saihestuko duen babes maila eman dio Eusko Jaurlaritzak, maiatzean jakinarazi bezala. Hain justu, Monumentu gisa kalifikatutako Kultur Ondare izendatu du, udal gobernuak eskatu bezala. Izan ere, Bilduk, maiatzaren 29ko udalbatzarrean eztabaidatzeko asmoz, erakunde adierazpen bat erregistratu zuen, Eusko Jaurlaritzari Arte Ederren eraikinari babes maila handiena emateko eskatuz –Monumentu gisa kalifikatutako Kultur Ondarea izendapena–.
Udalbatzak Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezi berria onartu zuen, otsailean. Onarpen horren ondorioz, Udalbatzak, udal gobernuaren irizpidearen kontra –kanpoko fatxadak eraistearen kontra azaldu baita beti– Arte Ederren eraikinari C babes maila ematea adostu zuen. Horrek eraikinaren berreraikitzea ahalbidetzen zuen eta, ondorioz, bertan egin nahi zuten hotelari bide ematen zion.
Jaurlaritzaren erabakiak, ordea, asmo horiek bertan behera utzi ditu. Gasteizko gobernuko teknikariek 2013ko ekainean egin zuten txostenaren arabera, Arte Ederren eraikinak Monumentu gisa kalifikatutako Kultur Ondare izendatzeko espedientea hasteko baldintzak betetzen zituen. Urtebete geroago, Jaurlaritzak izendapen hori berretsi du; maiatzean, esan bezala.
Udal gobernua pozik agertu da erabakiarekin, eta Jaurlaritzak «zentzuz» jokatu duela adierazi du. Oposizioak, berriz, egoera berriaren aurrean diskurtsoa aldatu behar izan du, defendatutako hotela ezingo baita eraiki.