
Udala ostiralean bilduko da alderdiekin, proiektuaren zehaztasunak azaltzeko. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)
Amara Berriko bizilagunen aspaldiko eskaera da Karlos I.aren hiribideko zubibidea kentzea. Auzotarrek behin eta berriz esan dute errepide horrek auzoa bitan banatzen duela, eta autoen joan-etorriek sortzen duten soinua jasangaitza dela. Irtenbide osoa gauzatu bitartean, aldundiak proposamen bat aurkeztu zuen abendua hasieran, zubibidea bota gabe, inguruaren egoera hobetzeko.
Aldundiaren proposamenak arazo estetikoa eta akustikoa konponduko ditu. Gainera, proiektu «egingarria» eta «merkea» dela azpimarratu dute, eta 2015ean gauzatzea espero dute, irailean errealitate izateko helburuarekin.
Etxe arteko errepide zatia ondoko bi kale zatien maila berean jartzea proposatu du aldundiak. Hala, auzoa banatzen duten harresi gehienak ezabatuko lirateke.
Bizilagunekin izandako bileran, foru aurrekontuak adostu ez izanak Karlos I.aren hiribidea berritzeko egitasmoari eragingo ote dion galdetuta, aldundiko ordezkariek zalantza guztiak uxatu zizkieten bildutakoei: proiektua Batzar Nagusietara eramango dute, bertan adostua izan dadin, aurrekontuen inguruko eztabaidak baldintza ez dezan.