Enplegua bultzatu eta kalitatezko kontratuak sortzeko 6.623.774 euro bideratuko dituzte.
Talentua hirira erakarri eta ikerketan inbertitzea dira ekonomia planaren erronkak. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Udalak eta Sustapenak aurtengo Ekonomia Sustatzeko plana aurkeztu dute gaur. Bertan izan dira Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre eta Sustapeneko zuzendari Euken Sese, eta aurtengo helburua enpleguaren berrikuntza eta kalitatea bultzatzea direla zehaztu dute biek. Horretarako, 2015ko DESP planerako 6.623.774 euroko aurrekontua bideratuko dute, eta helburu nagusia hirian 1.000 lanpostu sortzea izango da.
Haiekin batera izan dira udaleko Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruiz eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko zinegotzi Jon Peli. Horrekin batera, Donostiako ekonomi eta enplegu sortzaileen ordezkari moduan izan dira Lanbideko zuzendari orokor eta Eusko Jaurlaritzako kide Adolfo Alustiza, EHUko errektoreorde Ana Arrieta, Tecnaliako zuzendari Fernando Espiga, IK4ko zuzendari Jose Miguel Erdozain, SShops Donostiako zuzendari Lourdes Lazaro, Gipuzkoako Ostalaritza elkarteko presidente Mikel Ubarrechena, Auzoa Altzako Merkatarien elkarteko kide Begoña Palos, Gaiako zuzendari Tomas Iriondo, Sabadell Guipuzcoanoko zuzendari Juan Agut eta Nazaret Zentroko ordezkari Maria Jose Rabella. Guztiek nabarmendu dute plan berriaren beharra, eta hiritarrak krisitik atera eta langabezia tasa jaisteko ezinbestekotzat hartu dute.
Seseren arabera, azken urteetako bilakaera ekonomikoa aztertuta, hiriak suspertzeko joera erakutsi du, baina oraindik bada hobetzeko beharra: “Inguruko datuekin alderatuta, Donostiaren egoera ona da, %4,4 jaitsi baita langabezia tasa. Dena den, ezin ditugu ahaztu gaur egun lanik gabe dauden 10.700 donostiarrak. Horregatik, aurtengo plan berriarekin aberastasuna banatu eta enplegua sortzea izango da gure helburu nagusia”.
Auzoak aipatu ditu Sesek, eta Altzaren bilakaera goraipatu du: “Urte gutxitan asko jaitsi da Altzako langabezia kopurua, hiriko beste auzoekin alderatuz; oraindik Intxaurrondok du zulo beltza, baina plan honekin bertako hiritarrei aukera eskainiko diegu”.
Urtean 1.000 lanpostu sortzeko erronkarekin batera, enpleguaren berrikuntza eta kontratuen kalitatea bermatzea dira Sustapenaren helburu nagusiak; horretarako, guar udalean ordezkari izan diren agente, enpresa, erakunde, zentro teknologiko eta unibertsitatearen lankidetza izango dute: “Enpresa publiko eta pribatuen arteko kooperazioa ezinbestekoa da aurrera egiteko; horregatik, saltokien egoera aztertu eta bultzatzeko bideak jarriko ditugu”.
Plana sortzeko, Sustapenak kontuan izan du hiriak izandako bilakaera ekonomikoa, eta aurreko hiru urteetako planen balantzea aztertu dute; Sesek aipatu duenez, 3080 enplegu eta 900 enpresa berri sortzealortu da plan horiei esker, lehiakortasuna eta nazioartekotzea hobetzeko 2636 enpresari laguntza ematearekin batera.
Enplegu berriak: Donostia 2016
Seseren arabera, hirian lanpostu berriak sortzeko puntu edo guneak daude gaur egun; horien artean aipagarrienak Tabakalera, Amara auzoa, ostalaritza eta Donostia 2016 dira. Horrekin batera, teknologia eta ikerkuntzaren aldeko apustu indartsua egiteko asmoa azaldu du Sustapeneko zuzendariak: “Enpresetan programa pilotoak bultzatuko ditugu, alde batetik, 45 urtetik gorako langabezia denbora luzean daudenei lan mundura bueltatzeko aukera eskaintzeko, eta bestetik, atzerrira ikastera edo lanera joan diren talentu gazteak erakartzeko”. Guztira, plan horrek etorkizunean 3.500 lanpostu berri sortu ditzazke Seseren esanetan.
Hain zuzen ere, Donostia 2016 proiektuari esker sortu daitzekeen proiektuak babesteko aurrekontua eskaini du Sabadell Guipuzcoano bankuko zuzedari Juan Agutek: “Donostiak aurrera egitea da gure helburua, eta besteak beste, Donostia 2016ko proiektuak garatzeko lokalak berritu eta egokitzeko laguntza eskainiko dugu”.
Berrikuntza eta kalitatea
Sustapeneko zuzendariak aurkeztutako plana babestu dute udalean bildutako ordezkariek, eta enplegua sortzearekin batera kalitatea bermatzeko garrantzia azpimarratu dute. Hain zuzen ere, Sustapenaren planak enplegu egonkorra, zentzuz ordaindua eta etorkizuneko produkzio-proiektuarekin lotua izan dadin egingo du lan.
Horretarako, hainbat programa bultzatuko dituzte: Talentu Berritzailea programa (30 urtetik beherakoentzat), hiriko proiektuetarako Talentua itzultzeko programa pilotua, nazioartekotzeko bekak, Esperientzia kontratazio-programa (45 urtetik gorakoentzat), profilen eskaera berria kontratatzeko 2016 programa, ekintzaile gazteak enpresetan sartzea eta ikasleak sentsibilizatzea, besteak beste. Horrez gain, enpleguan kalitatea izateko pilotuak eta foroak garatu nahi dituzte.
Ostalaritza eta ikerketaren aldeko apustua
Hauek dira bultzatuko dituzten sektoreak: merkataritza eta ostalaritzarako planak (2016. urterako prestakuntza eta kalitatea, ekintzailetza-programak), I+G+b bultzatzeko planak (bonu teknologikoa, transferentzia teknologikoa), ekintzailetzarako laguntzak (Ekin+ programa, enpresak sortzeko laguntzak, moda eta nekazaritzako elikagaiak, nazioarteko eginkizunak eta enpresa-berrikuntza sustatzea. Horrez gain, hirian berrikuntza indartzeko foroa sortuko dute.
Proiektu lokalei babesa
Auzoetako merkataritza-jarduerari euste aldera, hurbileko kontsumoa bultzatu nahi dute, gune bakoitzaren espezializazio komertziala berrituz (kirola, moda, artea/kultura/ikus-entzunezkoak). Gainera, auzoetan ekintzak garatzea erraztu nahi dute, kontratazioa sustatuko duten neurri espezifikoak abian jartzearekin batera.
Hauek dira auzoetan bultzatuko dituzten proiektuak: Altzan merkataritza sustatzea (enplegu-tailerrak, alokairuak), Egia- sortzailea-Tabakalera (auzoa dinamizatzea, ekintzailetza, sortzeko laguntzak), Grosteam Gros auzoko kirol-merkataritza bultzatzea, merkataritza-plana, belaunaldi-aldaketa eta sustapena Amaran, Erdialdean moda-sektorea bultzatzea, berrikuntzaren astea, SmartKalea proiektua, gizarte-berrikuntzako programa eta Donostia Open INN berrikuntza-plataforma irekia.