
Donosti Berriko txirrindulariak, joan den ostiralean egindako aurkezpenean. (Argazkia: Donosti Berri Txirrindulari Eskola)
Donosti Berri Txirrindulari Eskolak bere taldeak jendaurrean aurkeztu ditu denboraldia hasi berritan. Zehazki, joan den ostiral arratsaldean, ehun lagun inguruk bat egin zuten Easo kaleko 2016 Gunean, klubeko txirrindulariak ezagutzeko: haur maila, kadete, junior eta 23 urtetik beherako taldeak. Arritxu Iribar eta Raul Perez kazetariak arduratu ziren aurkezpenaz.
Txirrindulariak aurkezteaz gain, Donosti Berriko zuzendaritzan aldaketak egin berri dituztela adierazi zuten. Izan ere, txirrindulari ohiek Eduardo Sotoren lekukoa hartu dute. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidentea da egun Soto, eta klubaren sorreratik orain arte kluba bizirik mantentzeko pertsona garrantzitsua izan da. Aldaketa guztien berri eman zuen IRUTXULOKO HITZAk
Aritz Irulegiri egindako elkarrizketan, joan den abenduan.
Era berean, Fullgas Sport Nutrition enpresari eta Javier Azkue ekintzaile eta txirrindulariari urte askoan egindako lana eta izandako konfiantza eskertu zizkieten.
Enpresa pribatuei deia
Donosti Berri hiriko txirrindulari eskola bakarra da, eta bereziki Donostia, Astigarraga eta Hernaniko gazteak dira klubeko partaideak. Zuzendaritza talde berria gogor ari da lanean, klubari beste ukitu bat emateko, eta hortik egindako aurkezpena. Aldi berean, enpresa pribatuengana iritsi nahiean dabiltza, txirrindularitzara gerturatu eta babesle izatera animatu daitezen. Dagoeneko lortu dituzte klubarekin bat egin duten hainbat enpresa txiki, baina lanean jarraitzen dute ahalik eta gehien izan arte.
-
-
(Argazkia: Donosti Berri)
-
-
(Argazkia: Donosti Berri)
-
-
(Argazkia: Donosti Berri)