Altzako kiroldegia eraikitzkeo 10 milioi euro behar direla gogoratu du EAJko zinegotzi Eneko Goiak. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako EAJk mozio bat aurkeztuko du hilabete honetako osoko bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiari Altzako polikiroldegi berria egiteko aurrekontuan parte hartu dezala eskatzeko. Eneko Goia EAJko zinegotziaren arabera, polikiroldegi berriak 10.000 000 euro behar ditu, eraikina erabat berria egitea guztiz beharrezkoa delako: “Altzan kiroldegi berria eraikitzea ezinbestekoa da, izan ere, gaur egungo instalazioak oso egoera kaskarrean daude eta horrek erabiltzaile eta bizilagun askori eragiten die. Horregatik, kiroldegi berria eraikitzea lehentasunezkoa da, Donostiarentzat ez ezik, Gipuzkoa osoarentzat ere”.
Goiaren esanetan, aldundiak ez du Altzako kiroldegia aintzakotzat hartu Kirol Ekipamenduen Planaren bitartez babesteko obretan, eta plan horrek Donostia bazter batera utzi duela salatu du: “Plan horretako 41 proiektuetatik 3 besterik ez dira Donostiakoak. Aldundiak programaren 7 milioi euroren %3 besterik ez du Donostiako proiektuetarako bideratu. Begibistakoa da sekulako zentzugabekeria dela, kontuan hartu behar baita zein den Donostiaren biztanlegoaren proportzioa Gipuzkoarekiko”.