Anoeta 4 ordu jaialdirako sarrerak eros daitezke hirian
Txirrindularitza jaia martxoaren 21erako antolatu dute, beste hainbat jarduerekin batera
Anoeta 4 ordu izeneko jaialdia egingo du Kirolean kirol elkarteak, martxoaren 21ean, Belodromoan. Anoetako kirol instalakuntzak 50 urte betetzen dituela aprobetxatuz egingo dute jaia, garai bateko Euskadiko sei orduen eran. Txirrindularitza izango da jaialdiaren ardatz nagusia, baina bestelako kirol erronkak eta ikuskizunak ere egingo dituzte, 17:00etatik 21:00etara: Arraunlarien arteko erronka, umorea Oscar Terol eta Iker Galartzaren eskutik, akrobazia…
Jaialdirako sarrerak eskuragai daude, eta antolakuntzak helburu bikoitza bilatu nahi izan du. Batetik, salneurri eskuragarriak eskaintzea, eta bestetik, euskal txirrindularitzaren euskarri diren elkarteei laguntzea. Hori dela eta, ahalik eta prezio merkeenak jartzen saiatu dira, eta saltzen duten sarrera bakoitzeko bi euro bideratuko dituzte txirrindularitza elkarte batentzat.
Sarreren prezioak honakoak dira: Helduenak 23 eta 26 eurotan, eta 12 urte bitarteko haurrenak 15 eta 17 eurotan. Donostian honako tokietan eros daitezke sarrerak: Groseko Afede jostailu denda, Groseko Bizipoza bizikleta denda, Amarako Jaiak bizikleta, Añorgako Jolas Etxean, eta Antiguako Kili Bizikletak.