L’incontro bikoteak musika sakratua eskainiko du. (Argazkia: L’incontro)
Musika klasikoa entzuteko aukera izango da igandean Egiako Txondorra kulturgunean. Ez da ohikoa, baina L’incontro bikoteak musika sakratuaren zikloan eskainiko dute kontzertua, 18:00etan. Kontzertua doan izango da. Horrekin batera, datorren asteko larunbatean emanaldia errepikatuko dute, Aieteko Gurutzeaga Parrokian, 20:30ean, Donostia Musika Sakratuaren zikolaren barruan.
Francesca Romana di Nicola harpa jotzaile italiarrak eta Itziar Lujanbio oboe jotzaile donostiarrak osatzen dute L’incontro bikotea. Bi musikariek Musikenen ikasi zuten, eta ondoren, bien ibilbidea banandu egin zen urte batzuetan. Horrela, Lujanbio Alemaniara joan zen ikasketekin jarraitzera, eta Colonian 3 urte pasa ondoren berriro ere Euskal Herrira bueltatu da. Bere taldekidea, aldiz, kontzertu ugari eskaini ditu nazioartean.
Barrokoa, denen eskura
Taldea indartsu dator musika sakratua jendeari ezagutzera emateko helburuarekin, eta hala, programa barrokoa prestatu dute, Handel, Bach, Vivaldi eta Telemmann konpositoreen obrekin. Bikotearen arabera, ohiko zikloetan jotzeaz gain, musika klasikoa entzutera hain ohituta ez dagoen jendearengana gerturatu nahi dute, eta horregatik aukeratu dute Donostiko estreinaldia Txondorra Kulturgunean egitea. Kontzertua eskaini bitartean taberna bat egongo da jendeak zerbait edan dezan, eta gertuko giroa eskainiko dute, beltzez jantzi gabe eta auditorio handietan egon ohi den distantzi handirik gabe. Horrekin batera, Ttanttakun irratiaren bidez kontzertua zuzenean entzuteko aukera egongo da.