Faboritoak, Behobian, lasterketaren lehen metroak egiten. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Aurtengo Behobia-Donostia lasterketaren izen emate prezioa igo egin duela jakinarazi du Fortuna Kirol Elkarteak. Klubaren arabera, BEZari buruzko ogasun irizpidearen aldaketa gertatu da, elkarteak jasandako BEZ guztia ez da kengarria, eta horrek gainkostu berri bat suposatzen dio. Gauzak hala, izen emate prezioa aurreko urteetan baino garestiagoa izango da. “Gure antolakuntzan horrelako kostuen igoerak suposatzen duen galera ekonomikoa ekiditeko, eta Behobia antolatzen jarraitu ahal izateko, egoera fiskal berriaren eraginez, ez dugu beste irtenbiderik izan”, azaldu du klubak ohar baten bidez.
Edonola, Fortunak argi utzi nahi izan du, lasterketak izan dezakeen irabazi guztia oinarrizko kirolaren promozioa eta ekintzetara zuzendua dagoela.