Dani Goñi, Bagera elkarteko presidentea, irekiera ekitaldian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Aietetik Erdialdera jauzi egin du Bagerak, izan ere, egoitza berria Hernani kalean du Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, hiriaren bihotzean. Bagerari eta bide batez euskararen normalizazioari bultzada bat emateko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak udalari utzi dio bulegoa, eta honek Bagerari. “Ez dugu gure sentitzen, hiriko euskaltzale guztien elkargunea izatea nahi dugu”, adierazi du Bagerako presidente Dani Goñik. Irekiera ekitaldi ofiziala egin dute arratsaldean elkarteko arduradunek, eta bertan izan dira, besteren artean, Juan Karlos Izagirre alkatea, Zigor Etxaburu aldundiko Euskara zuzendaria, eta Nerea Txapartegi udaleko Euskara arduraduna. Zehazki, udalak hamar urtez utziko dio egoitza Bagerari, Hernani kaleko 15. zenbakian; bi solairu ditu, eta 137 metro koadro.
Hiriko hainbat euskaltzalek eta Bagerakidek bat egin dute egoitzaren irekieran. Txiki antiguatarrak umore ikuskizun txiki bat eskaini du, eta Unai Gaztelumendik eta Izarne Zelaiak bertso batzuk abestu dituzte.
Bagera 1991ko abenduaren 14tik ari da lanean, hirian euskarari bultzada bat emateko asmoz. Donostiako euskaltzaleen ahaleginak biltzen ditu, eta euskararen normalizaziorako hainbat jarduera bideratzen ditu, Mintzodromoa eta Mintzalaguna, besteak beste.
-
-
Dani Goñi, Bagera elkarteko presidentea, irekiera ekitaldian. (Argazkia: Estitxu Zabala)