Lurraldeko 25 sukaldarik egindako errezeten artean goxoena zein den erabakiko dute, datorren asteazkenean
Lehiaketan parte hartuko duten sukaldariak eta epaimahaiko kideetako batzuk, Grosen egindako aurkezpenean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
“Txikitatik eskuartean izan dugun zerbait da ogitartekoa, baina gure egunerokotasunean ahaztua izaten duguna. Ogi artean sar daitekeen edozer ongietorria da”, azaldu du Felix Garrido sukaldariak.
Gipuzkoako I. Ogitartekoen Lehiaketa aurkeztu dute hainbat sukaldarik, eta dagoeneko arrakasta ziurtatua duela azaldu dute arduradunek. Izan ere, izen ematea ireki eta astebetera itxi behar izan zuten, 25 jatetxe edo tabernek izena eman ostean. Zehazki, datorren asteazkenean, apirilaren 22a, egingo dute lehiaketa. Maria Kristina Hotelaren behekaldean ireki berri duten San Sebastian Food Cooking Schoolen. Gainera, apirilaren 17tik 26ra, Ogitartekoaren Astea izendatu dute. Hala, lehiaketan izena eman duten taberna eta jatetxeetara joan eta lehiaketara aurkeztutako ogitartekoak dastatzeko aukera izango du edozeinek, Keler batekin batera, 6 euroren truke.
Antolatzaileen esanetan, gastronomia lehiaketa batean ogitartekoak protagonismoa izango duen lehen aldia izango da. Hala, jateko hain herrikoia den sukaldaritza mota hori indartu nahi dute. Elena de Elera Kelerreko Trade Marketing arduradunak ez du zalantzarik: “Betiko ogitartekoen eboluzioa zapore berriekin nahastu dute, eta garagardoa da, zalantzarik gabe, ogitartekoak laguntzeko aukera onena. Lehiaketan parte hartuko duten tabernetan ogitarteko horiek dastatzera animatzen zaituztegu”.
Hiru sari
Epaimahaiak erabakiko ditu lehiaketako hiru irabazleak, eta honako sariak jasoko dituzte: Lehenengoak, garaikurra eta 500 euro; bigarrenak, garaikurra eta 200 euro; hirugarrenak, garaikurra eta 100 euro. Gainontzeko partaideek diploma bat jasoko dute oroigarri gisa. Epaimahaia honako sukaldariek osatuko dute: Juan Mari Arzak, Ruben Trincado, Dani Lopez, Xabier Zabaleta, Aizpea Oihaneder eta Oraitz Garcia kazetaria. Felix Garridok aurkezpenaren xehetasunak eman ditu: “Partaide bakoitzak proposamen bat aurkeztuko du, eta epaimahaiko kide bakoitzarentzat mini ogitarteko bana ere egin beharko du”.
Gehienbat Donostiako jatetxeetako partaideak izango dira lehiaketan, baina badira Gipuzkoako beste herri batzuetako lehiakideak ere:
- Cafe de Mario: Julio Caro Baroja plaza, 2 (Benta Berri)
- Cebanc: Berio paselekua, 50 (Berio)
- Duit: Antonio Arzak kalea, 4 (Benta Berri)
- Ezkurra: Mirakruz kalea, 17 (Gros)
- Hidalgo 56: Kolon pasealekua, 15 (Gros)
- Iturrieta Berri: Aita Orkolaga pasealekua, 69 (Igeldo)
- La Consentida: Zurriola 16 bis (Gros)
- Mandragora: Plaza Jose María Sert, 9 (Benta Berri)
- Molly Malone: San Martin, 55 (Erdialdea)
- Next Bi: Sekundino Esnaola, 39 (Gros)
- Pepe: Zumalakarregi, 4 (Antigua)
- Zeruko: Pescaderia, 10 (Parte Zaharra)
- Xera Gastroteka: Xabier Olaskoaga plaza (Errenteria-Orereta)
- Route 33 Gourmet: Bernat Etxepare, 12 (Hondarribia)
- Ketan: Luis Mariano 2-4 (Irun)
- L´Atelier: Joaquin Gamon, 1 bajo (Irun)
- Manolo: Mayor, 13 (Irun)
- Orrua Bar: Mayor, 2 (Irun)
- Ostatu Leaburu: Plaza Urrope, 2 (Leaburu)
- Oiangu Baserria: Oiangu Parkea z/g (Ordizia)
- Prost: Maitzaren lehena, 2 – Behea (Pasaia)
- 19-90 Gastropub: Euskal Herria plaza, 5 behea (Tolosa)
- Denak Taberna: Igaralde kalea, 4 (Tolosa)
- Ordizia: Avda. Jose Martin Iraola, 4 (Tolosa)
- Bartolo: Gipuzkoa, 62 bajo (Zarautz)