Intxaurrondoko plaza berritzeko 1,5 milioi euro eskaini behar zituela salatu du udalak.
Sagastieder plaza berritzeko konpsomisoa hartu zuten 2012an. (Argazkia: Donostiako Udala)
Udaleko Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsorok agerraldia egin du gaur, Eusko Jaurlaritzak Intxaurrondoko Sagastieder plaza berritzeko konpromisoa ez dutela beteko salatzeko. Galparsororen esanetan, jaurlaritzak obra 1,5 milioirekin finantzatzeko konpromisoa hartu zuen publikoki, baina orain dio ez duela beteko. Zinegotziak konpromisoei aurre egiteko exijitu dio jaurlaritzari.
Hain zuzen ere, udalak eta ETS erakunde publikoak 2010eko abenduaren 15ean eta 2012ko uztailaren 16an sinaturiko hitzarmenen bitartez Sagastieder plaza berritzeko prozesua hitzartu zuten. Bi hitzarmen hauen bitartez, 1.720.915,23 eurokoa izatea espero zen lan batzuen kostua banatu zuten. Horretarako ETSk 1.500.000 euro jarriko zituen eta udalak 220.915,23 euro, eta baita hortik gora egon zitekeen edozein kostu ere.
Azkenean, baina, obraren kostua uste baino gutxiagokoa izan zen, eta Galparsorok azaldu duenez, ETSko lehendakariak udalari jakinarazi zion bere gain hartuko zuela obraren finantziazio osoa, eta abuztuan publiko egin zuten konpromiso hori.
Galparsororen esanetan, orain ETSk udalari zati bat ordaintzeko eskatu dio: “ETSk 2012an amaituriko obra horren zati bat ordaintzea eskatu dio udalari, ETSk berak bete ez duen hitzarmena medio. Jaurlaritzak jakin beharko luke zein garrantzitsua den emandako hitzari eustea, eta herritarron aurrean obra bat bere gain finantzatuko dela saldu ondoren gero diru hori beste administrazio bati eskatzea ez da bidezkoa”.
Egun, ETSk udala auzitara eramateko mehatxua egin duela adierazi du zinegotziak: “Uste dugu ETS ez badago ados hartu zuen erabakiarekin, barruan konpondu beharko duela gaia. Baina ez da zilegi udal hau bere erabakien erantzule egitea eta bere arduradunek harturiko erabakiak beste erakundeei leporatzea”.
Horrela, udal gobernuak mozio bat erregistratu du hurrengo udalbatzari begira.