Axier Jaka Partaidetza zinegotzia auzotarrekin bildu da, eskaeren inguruan hitz egiteko.
Oletako Ibarra izena du eraldatuko duten Herrerako gunea. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Herrerako Oleta Ibarra izaneko lursailean gune berde bat eta aparkalekua egingo ditu udalak. Partaidetza zinegotzi Axier Jaka Herrerako auzotarrekin bildu da, eta proiektua datorren urteko aurrekontu proiektuan txertatuko dutela jakinarazi du. Zinegotziaren esanetan, hiriaren gune urbanizatu eta berdeen arteko oreka mantenduko du proiektuak.
Jakak azaldu duenez, Herreran lanak egiten ari dira 2012ko urritik, Altzarekin lotuko duen trenbide zatia datorren urterako prest egon dadin. Lan horiek eragiten dituzten arazoak direla eta, udalak, konpentsazio moduan, ingurunean zenbait lan egiteko eskatu dio ETSr, eta ondorioz bertan baratzeak egiteko proposamena plazaratu zuten.
Aurtengo otsailaren 23an berriz, Herrerako bizilagunek, Herrerako Herripe Auzo Elkartea eta Larratxoko Osteguna Auzo Elkartearekin batera, udalari auzoaren eta auzotarren beharrak lehenesteko eskatu zioten, eta hilabete geroago, udalaren ordezkariek eta auzoko bizilagunek bilera egin zuten egoera aztertzeko. Bilera hartan, hain zuzen ere, bizilagunek inguru horretan gune berdea eta aparkalekua eraikitzeko eskatu zieten ordezkariei. Udalak, bere aldetik, baratzeen proiektua albo batera utzi eta eskaera horri erantzuteko konpromisoa hartu zuen
Bestalde, atzo bertan elkartu ziren udala eta ETS, bizilagunen eskaeraren inguruan hitz egiteko. Jakak azaldu duenez, proiektuaren definizio zehatzari begira, aurtengo irailean partehartze prozesua egingo da gunearen azken diseinua auzotarrekin batera erabakitzeko.