Otsailetik itxita egon da, Argazki Elkarte inguruan ezegonkortasunak sumatu ondoren
Argazki Elkartearen gainean egin dituzte konponketak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Pasealeku Berria guztiz irekiko dute hilaren 23an. Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsororen esanetan, larunbat horretarako oinezkoek eta garraioek aukera izango dute Pasealeku Berritik ibiltzeko, eta dagoeneko magal guztia erabat egonkorra dela adierazi du.
Urgulleko mendi magalak sarritan eman ditu arazoak, eta azkenekoz otsailaren 25ean itxi zuen pasealekua udalak, uholdeek hainbat lubaki sortu zituztelako. Galparsorok azaldu duenez, Euroestudios enpresak ingurua aztertu ondoren, erresistentzia sare berriak jarri dituzte Argazki Elkartetik 100 metrora dagoen puntuan. Obrak Aste Santuan hasi zituzten, eta dagoeneko azken ukituak egiten ari dira zinegotziaren esanetan. Azken lan horietan 90.000 euro inbertitu ditu udalak.
Ikerketak aurrera
Azken obren kostua kontuan hartuta, udalak 1.700.000 euro inbertitu ditu Urgulleko mendi magalean. Galparsororen arabera, ingurua segurua izan arren, magala ikertzen jarraituko dute: “Hiritarrentzat albiste ona da Pasealeku Berria irekita egotea, bertan gozatu ahal izango dutelako; baina ezin dugu ahaztu amildegi bat dela, eta ikertzen jarraitzea beharrezkoa da”.