Molinao Papin industrialdea, Molinaoko kaskotik ikusita. (Argazkia: Mikel Goñi)
Papineko industrialdeko sarbidea hobetuko du Donostiako Udalak, ohar baten bidez jakinarazi duenez: “Bertara joan behar izaten dutenek aspalditik aldarrikatzen zuten bidea berritzeko, eta bide berria izango dute datorren urtearen hasierarako”. Hain zuzen ere, zazpi hilabeteko gehienezko lanak aurreikusi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak. Construcciones Zubieder SL (1.129.352,45 euroko aurrekontua) eta Afesa Medioambiente SL (51.291,90 euro) enpresak arduratuko dira lanak egiteaz. Ricardo Burutaran Jarduneko Hirigintza zinegotziak bide berriaren garrantzia azpimarratu du: “Gobernu hau lanean arituko da azken egunera arte, arduraz, hiriarentzat onena bilatuz. Horrela, Papineko jabeekin hartutako konpromiso guztiak beteko ditugu, izan ere, Gobernu hau iritsi den arte ez dute lortu eskaera hau errealitate bihurtzea”.
Industrialdea Pasaiako saihesbidearekin lotuko du bide berriak, eta gainera, N-1 errepidearekin eta Donostiako saihesbidearekin lotuta egongo da. Errepide berriari esker, kamioiak ez dira jada Pasai Antxoko kaleetatik igaro beharko: “Azpiegitura hau Papinen lan egiten duten enpresentzat albiste ona da, eta bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko aurrerapauso bat. Aspaldiko aldarrikapen bati erantzun dio horrela udalak proiektu honekin, zuzemen asko egin eta industrialdean bertan informazioa emateko hainbat bilera egin ondoren”.