1916ko auzoa irudikatu dute auzoko bizilagunek, film labur berezi bat egiteko, Olatu Talkaren barnean
Hainbat loiolatarrek parte hartu dute filmaketan. (Argazkia; Estitxu Zabala)
Eguneroko arropak alde batera utzi eta 1916ko jantziak hartu dituzte soinean loiolatarrek. Hain zuzen ere, urte hartan jarri zuen Maria Kristina erreginak Loiolako Lorategi Hiriko lehen harria, eta
orduko gertakari hura antzeztu dute bizilagunek, film labur bat osatzeko. Olatu Talkaren barnean aritu dira aktore lanetan loiolatarrak,
Aritz Moreno Groseko zinemagilearen gidaritzapean. “Orain dela 99 urte Maria Kristina erregina etorri zen Lorategi Hiriko lehen harria jartzera. Bitxiena da, duela urte batzuk Zaragozako filmategian pelikula bat agertu zela orduko irudiekin, eta
1999an Euskadiko Filmategiak zaharberritu egin zuen, minutu bateko filma osatuz. Orain, jatorrizko film horren erreplika bat egitea erabaki dugu auzoko jendearekin, 2016ko ispirituaren barnean”, adierazi dio Loiola kultur etxeko arduradun
Jon Urbietak IRUTXULOKO HITZAri.
Auzotarren artean ongi pasatzeko egun bat izan da, baina aldarrikapenerako ere erabili dute filmaketa. Batetik, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatu dute, eta bestetik, azken urteetan auzoa hankaz gora jarrita duen
Euskotreneko geltokiaren lanak bukatzeko eskatu dute, Loiola existe, lanak bukatu lelopean. Auzoko jaietarako muntaia guztia prest eta erakusteko moduan izatea espero dute.