Juan Karlos Izagirrek zinegotzi kargua utziko du
Ricardo Burutaranek beteko du bere postua.
Juan Karlos Izagirre EH Bilduko zerrendaburuak zinegotzi izateari utzi, eta mediku lanetara, Osakidetzara, itzuliko dela esan du: “Ez naiz zinegotzi izango, baina honek ez du esan nahi politikatik noanik, oinarrizko militante izango naiz EH Bildun. Nire ekarpena hobea izango da hala”. Mediku lana faltan botatzen duela adierazi du: “Beti esan dut medikua naizela”.
Hauteskundeetako emaitzek “garbi esan dute, herriak beste gobernu bat nahi du”, adierazi du Izagirrek, eta berak donostiarren nahia entzun duela esan du: “Proiektua da garrantzitsuena eta ez pertsona”. Donostiarrek egoera zailenetan emandako babesa azpimarratu du.
Datorren alkateari herritarrekin goberna dezala eskatu dio Izagirrek: “Politika beste modu batera egin daiteke”. Gauzak zeudena baina hobe utzi dituztela adierazi du, “zorrik gabe eta proiektu askorekin, hala nola, Donostia 2016, Tabakalera eta autobus geltoki berria”.
Hunkituta, negarrez, amaitu du du agerraldia, eta alderdikideen babesa jaso du, txalo artean.
Izagirreren adierazpenaren ondoren, EH Bilduk jakinarazi du Ricardo Burutaranek beteko duela alderdian hutsik gelditutako zinegotzi postua, hauteskunde zerrendaren hurrenkera errespetatuz, zerrendako zazpigarren postuan kokatua dagoelako. Burutaran Hirigintza zinegotzia izan da azken lau urteetan.
Aldaketa “hitzetatik ekintzetara” eramateko konpromisoarekin hartu zuen alkate kargua Juan Karlos Izagirrek (Igeldo, 1963) 2011ko ekainean. IRUTXULOKO HITZAk hauteskunde kanpainaren harira egindako egindako elkarrizketa batean aitortu zuen ilusioz egindako bidea izan dela: “Krisi garaian iritsi ginen gobernura, eta nahiz eta gutxiengoan gobernatu, inguru nahiko bortitzean, eta, hainbat ezbeharrei aurre egin behar izan arren, hiri honek aurre egin dio krisiari. Datorren urteak erabakigarriak izango dira, baina hiritarrekin egin dugu politika, eta hori nabaritu dutela uste dut. Nahiz eta une gogorrak pasa, oso pozik nago”. Duela lau urte hasitako proiektuari segida eman nahi zion EH Bilduk maiatzaren 24aren ondoren ere, “ezkerreko politikak eginez, behetik gora, eta parte hartzea bultzatuz”.
Eneko Goia alkategai jeltzalea bozkatuena izan da; hauteskunde gaueko garaile nagusia izan da. EAJren igoera nabarmena izan da, duela lau urteko hauteskundeekin konparatuta. Jeltzaleek 13.500 boto eta 3 eserleku gehiago eskuratu dituzte Donostian. Alkatetza izatetik hirugarren indarra izatera pasa da EH Bildu, 20.467 boto eta 6 eserleku eskuratu ondoren (%20,9).
Duela lau urte, 2011ko udal hauteskundeetan, inoiz baino borrokatuagoa egon zen alkatetza; PSE-EEko orduko alkategai Odon Elorza izan zen Juan Karlos Izagirrerekin lehia bizian aritu zena, azken unera arte. EH Bilduko zerrendaburuak 1.444 botoren aldearekin irabazi zituen hauteskundeak. Ustekabea izan zen EH Bilduren garaipena Gipuzkoako hiriburuan. EH Bilduk 21.110 boto (%24,96) eta zortzi eserleku eskuratu ondoren. PSE-EEk 19.666 boto lortu zituen (%23,25); zazpi zinegotzi, orotara. PP izan zen hirugarren indarra, 16.502 boto (%19,51) eta sei zinegotzirekin. EAJk ere sei zinegotzi lortu zituen, 15.587 botori esker (18,43%).
Lau urteko agintaldian desadostasunak izan ditu oposizioarekin; Igeldoren desanexioaren auzia izan da horietako bat. PPk eta PSE-EEk Izagirreren dimisioa eskatu zuten, eta EAJk desegokitzat jo zuen alkatearen jarrera. Donostia 2016 kultur hiriburutzan egindako kudeaketa ere ezbaian jarri dute sozialista eta popularrek; proiektua behar bezala ez gidatzea egotzi diote.
Dena den, krisia, murrizketak eta zorra kudeatzea izan dira zailtasun nabarmenenak Izagirrerentzat. Alkatearen arabera, lortu dute krisira eraman dituen “logikari buelta ematea”, eta horrek emaitzak ekarri ditu: “Gure eskumena izan gabe ere, guztientzako laguntza sozialak bermatu ditugu. Jaurlaritzak ordaindu gabe utzi dituen larrialdietarako laguntzak barne”. Besteak beste, ekonomia suspertu eta enplegua sortzeko inbertsioa milioi batetik 7 milioi eta erdira igo du Izagirre buru duen taldeak, eta udalak ematen dituen laguntza sozialak “hirukoiztu” dituzte. “Gehien behar duten auzoetan gehiago inbertitu dugu, Urumea inguruan, esaterako”. Hiria euskalduntzea ere lehentasunetako bat izan da, eta “bakean eta bizikidetzan aurre egiteko”, berriz, kultura “tresna ezin hobea” dela iritzi dio.
Udal Hauteskundeetako emaitzak jasota, balorazioa egin zuen Izagirrek. Azken urteotan egindako lanarekin pozik zirela azaldu duen, eta balorazio positiboa egin zuen: “Gure politika egiteko moduak emaitza oso onak izan ditu hirian, eta pozik gaude, gardentasunean eta politika parte hartzailean oinarritutako politika egin dugulako, auzoetara joanez, eta egunero herritarrekin lan eginez”. Autokritikarako tartea ere hartu zuen EH Bilduko hautagaiak, eta gaizki egindakoa aztertzeko prest agertu zen: “Ez gara beste alderdien moduan botoak aktibatzeko gai izan, eta ondo aztertu beharko dugu hori zergatik gertatu den”.