«Garai batean, babesteko tresna bat zen arropa; ez dotore joateko»
74. Zinemaldian estreinatu dute ‘Inurri Itsuak’ filma, eta jantzitegiaren ardura izan du, besteak beste, Donostian jaioa den Marta Sargento Ciriak (Beasain, 1994). Garrantzitsua bezain ikusezina den lan baten kolore argiak atera ditu, eta filmak duen berezitasuna azpimarratu du.
Marta Sargento Ciria. ‘Inurri Itsuak’ filmeko jantzitegiaz arduratu zara, Marta. Gogotsu hartu zenuen proiektuak dakarren erronka?
Film guztiek daukate zerbait ikasteko, zerbait berezia. Baina film hau girotuta dagoen garaia oso polita da jantziak lantzeko.
1930ean dago girotuta filma. Moda asko aldatu da azkeneko ia 100 urteotan…
Orain, jolasteko aukera asko dauzkagu. Eta modak joan eta etorri egiten dira. Lehen, arropa, babesteko tresna bat zen, ez dotore joateko.
Nolakoa izan da aipatutako ikerketa lan hori?
Jantzitegiaren diseinua Maite Tarilontek egin du; bolibiarra da bera, eta ez zeukan hainbeseko jakintzarik horrelako jantziei dagokienez, nahiz eta bere gurasoak euskaldunak izan. Museotara eta liburutegietara bisitak egin ditu, dokumentazio lana oso sakona izan da. Argazkiak, sare sozialak… gaur egun, argazki zahar pila bat dago sareetan.
Erraza da mozorroan erortzea, nahi gabe? Nola ekidin daiteke?
Zineman ez da ezer pasatzen nahi gabe. Sei edo zazpi aste lehenago hasten gara dena prestatzen, akats hauetan ez erortzeko. Oso erraz ekidin daiteke jantzi batek mozorro itxura hartzea; mozorroarekin zerbaiten, norbaiten antza hartu nahi duzu, baina norbaitez janzten zarenean, garai bateko jantzi bat jartzean, ahalik eta errealena egin behar duzu. Gure lana aktoreak janztea da, ez mozorrotzea.
1900ko arroparik ezin dugu erabili, ez delako existitzen edo museoetan dagoelako. Baina 1940, 1970 edota 1980ko hamarkadetako film bat egin nahiko bagenu, badago garai hartako arropa, eta horiek alokatu edo erosi daitezke.
Nondik ateratzen dituzue material horiek?
Film honetarako, oihal asko erosi ditugu, eta pertsonaien arropa ia guztia egin dugu. Oinarrizko materialak bai dira berberak, kotoia eta artilea; hori ez da zaila izan lortzen. Ikerketa lan handia egin dugu, erabiltzen zituzten materialak zeintzuk ziren jakiteko; lehen, adibidez, ez zeukaten plastikorik: zaldi gantza eta erle argizaria erabiltzen zituzten euriarengandik babesteko. Guk hori ere erabili dugu, eta kolorea pixka bat aldatzen da; politagoa ikusten da eta, aldi berean, aktoreak babestuta daude. Garai hartan, adibidez, boten zola egurrezkoa zen. Horri goma bat jarri behar genion azpitik, aktoreak ez irristatzeko. Zola hori pitzatu eta coca-cola ere jarri izan dugu, azukreak itsatsi egiten duelako…
Zuzendariak argi zeukan hasieratik nolakoak izan behar ziren pertsonaien arropak, ala hasieratik eman dizue askatasuna zeuen proposamenak egiteko?
Igorrek oso argi zeuzkan erreferentziak: euskal arrantzaleen koadroak. Koadro horietan kolore pila daude, batez ere, primarioak. Oso iluna zen dena garai horretan, eta kolorea jarri beharra geneukan. Denok geunden ados horrekin, eta askatasunez egin dugu lan. Argazki eta arte zuzendariekin ere hitz egin genuen, noski, eta komuneko zerbait egin genuen. Talde lana izan da, guztiz. Baina Igorren erreferentzia horiek oso baliozkoak izan zaizkigu.
«Fikzioan, jantzitegiak asko laguntzen dio
aktore bati pertsonaia prestatzen»
Filmaren berezko kolorea iluna da, oso. Kolorea erabili duzue zerbaitek arreta deitzeko?
Haur bat kolorez janztea pentsatu genuen, horia edo laranja. Kamera probak egin genituen, euriarekin, koipearekin, argizariarekin, lokatzarekin… Eta laranja kolore atseginagoa zela eta politagoa ikusiko zela konturatu ginen. Pedro pertsonaia —Josean Bengoetxea— ilun samarra da, eta ilun jantzita ibiltzen da beti, larruzko eskularruak jantzita, zikin itxura du. Sebas, —Urko Olazabal— adibidez, kapelarekin ibiltzen da beti, eta gaur egun erosten ditugun kapelak artilezkoak izaten jarraitzen dute; eta ondo ehundutako artileak eurirako ere balio du.
Kasu honetan, bi bando daude filmean: Algortako arrantzaleak eta grisak (antzinako Espainiako Polizia Nazionalak). Euren arteko desberdintasunak markatu dituzue arroparekin?
Bai, koloreekin edo arroparen beraren estiloarekin egiten dugu, horrelakoetan. Kasu honetan, tenientea eta bi agenteak, grisez janzten zirelako deitzen ziren grisak. Bestelako material batzuk erabiltzen zituzten janzteko; zapatak garbiagoak, lerro zuzenak. Izaerarekin bat dator estilo hori, hauek zirelako Algortako familia honengana gerturatzen zirenak esatera: “Ikatz hau ez da zuena, gurea baizik”. Polita da estiloarengatik desberdintzea, baina are politagoa da koloreekin egitea.
Pertsonaiaren estatusa markatzen du arropak.
Hain justu. Arropan nabaritzen duzu, hizkuntzan nabaritzen duzun bezalaxe. Grisek gaztelaniaz hitz egiten dute filmean, beste guztia euskaraz denean. Hor ere nabaritzen dituzu desberdintasun sozialak, kulturalak eta politikoak.
Modaren bitartez izaerak ere transmititu daitezkeela diote…
Janzten dugunak asko dio guri buruz. Imajina dezakezu nola hitz egiten duen norbaitek, nola jokatzen duen, zein den bere lana. Epai naturalak dira, ez dira zertan negatiboak izan.
Fikzioan, jantzitegiak asko laguntzen dio aktore bati pertsonaia prestatzen. Azken finean, pertsonaiak berak aukeratuko luke janzten duena. Adibidez, Inurri Itsuak-en, Unax Hayden aktorearen pertsonaiak, lokatzetara sartu aurretik, galtza motzak janzten ditu, haur bat delako. Baina aitarekin eta bere anaiekin abenturara joan nahi duenean, galtza luzeak jartzen ditu, helduagoa sentitzen delako.
Ikuslearentzat oharkabean pasatzen diren kontuak dira horiek…
Arropa pertsonaiaren parte da, eta bera bezala, hori ere garatzen doa. Garai horretan, esaterako, bi alkandora zituzten; aste osoan zehar janztekoa eta igandeetakoa. Filmean, hileta bat ikusten da: denak doaz mendian gora, beltzez jantzita, inurritxoak balira bezala. Plano hori ederra da, benetan. Emakume guztiek beren zapatatxo beltza daramate, une berezietarako jartzen dutena, ondo zaintzen dutena, izorratu ez dadin.
Gaur egun, gaizki tratatzen dugu arropa, zapata pare batek 20 euro balio dituelako eta izorratzen bada, beste bat erosten dugu. Lehen, partxeak jartzen zitzaizkien maindireei, galtzerdiak pasaratzen zituzten. Horrek asko dio garaiaz, eta orduko familien mahaia sozialaz.
Jantzitegi on bat, beraz, oharkabean pasatzen den hori da.
Nire iritziz, bai. Baina Pedro Almodovarrentzat, adibidez, ez. Kontatu nahi duzunaren arabera, giroaren arabera. Pertsonaia bitxi bat jantzi behar baduzu, ez duzu besteen moduan jantziko. Nolabait desberdindu behar duzu, izaerak desberdintzen diren moduan. Lau seme-alaba dituen ama batek ez du pentsatzen gaur jaka berdea edo arrosa jantziko duen. Berdea janzten du, eta jantzita darama film osoan zehar. Hori da Josefarekin —Itziar Ituño— egin duguna.
Zein izan da jantziak egiteko erronkarik handiena?
Erosotasuna lortzea. Filmean oso presente dago euria, bai kanpoan, baita set-ean ere. Eguna bustita ematen zuten aktoreek. Neoprenoak jartzen genizkien azpitik, eta komunera joan behar ziren bakoitzean, arropa guztia kendu behar zuten. Neoprenoak euriarengandik eta hotzarengandik babesteko erabiltzen dira jantzitegian, asko nabaritzen dute aktoreek, ordu asko direlako bustita. Bero partxeak, arropa termikoa, neoprenozko galtzerdiak…
Hotza, lokatza, ekaitza, oso presente daude filmean. Nola islatzen dira horiek jantzietan?
Busti egiten ditugu, eta lokatzez bete. Egia da, baita ere, mendian ordu asko pasatzen dituzunean grabatzen, berez, badagoela lokatza. Ez bazuen benetan euririk egiten, garabi batekin egiten zuen euria. Plano txikiak zirenean, agian, urez betetako esprai batekin bustitzen genituen. Edo gorputzerako olioa botatzen genien, bustita zeudela irudikatzeko, eroso zeuden bitartean. Trukotxoak dauzkagu!
Nolakoa da jantzien arduradun baten egunerokoa grabaketa batean?
Puf, hainbeste dugu egiteko! Aurreko egunean prestatzen dugu lan ordena, sekuentziak desberdintuta, filmatzeko dugun ordenaren arabera. Karteltxoak jartzen ditugu: hau, Pedrorentzat; hau, Sebasentzat, baina txapel zikina. Ez daukagu txapel bakarra Sebasentzat, lau dauzkagu. Istorioaren garapenaren arabera, txapela zikinagoa edo garbiagoa egongo da, zimurtuagoa, bustiagoa. Raccord-aren jarraipena oso garrantzitsua da, baita jantzitegian ere.
Aktoreak janzten ditugu eta set-era goaz gero, aktoreak jarraitutasun hori jarraitzen ari direla ziurtatzeko. Ezin zaigu eraztun bat ahaztu, kremailerak egon behar duen altuerara egon behar du, dagokion galtza eduki behar du jantzita eta ez garbiagoa…. Taldekideok elkarrekin eta ondo komunitatuta egon behar dugu, dena ondo joan dadin. Beti dago egiteko zer edo zer; erosi, josi, aktoreen erosotasunerako datu guztiak kontutan izan. Hori ere bada gure lanaren parte: aktoreak eroso egotea, aktore izatera soilik jardun daitezen.
Aldea xehetasunetan dagoela dioen esaera horren definizio perfektua, ezta?
Bai, talde guztiak egon behar du pozik, lanak funtzionatu dezan.
Grabaketa amaitzean, zer egiten duzue filmetarako bildu duzuen arroparekin?
Kaxetan itxita uzten dugu, almazen batean, filma estreinatu arte. Igorrek filma muntatzen duen bitartean konturatzen bada eszena bat berriro grabatu behar duela, arropa hori gordeta dago, badaezpada. Behin estreinatuta, alokairuzko almazenetan dauden gainontzeko arroparekin batera gordetzen da, beste produkzio batzuetan erabiltzeko. Ez dugu ezer saltzen, ezta botatzen ere.
Zure lanarekiko harrotasuna nabari zaizu hitz egiterako garaian.
Harro gaude egin dugun lanaz, bai; ez dut filma ikusi, irudiak ikusi ditut, eta lortu dugu erreferentziazko hori irudikatzea. Filmatzen ari ginela ere ikusten genuen lortzen ari ginela aurreikusitakoa, batzuetan zaila den arren, eta badakit ederra geratu dela. Niretzat, film hau berezia da, horrexegatik. Hemen, Euskal Herrian, duela 100 urte gertatutako istorio bat izateaz gain, aktoreak ere izugarriak dira. Handia da harrotasuna.
Filma Donostiako Zinemaldian estreinatu duzue. Ez da plaza makala…
Ilusio izugarria egiten zidan film hau Zinemaldiaren programan ikusteak; beti miretsi izan dut jaialdia. Lehen aldia izango da joateko aukerarik izango ez dudana. Ez dakit filma zineman ikustera iritsiko naizen, abendura arte nagoelako kanpoan, baina zineman ikusteak beste perspektiba bat ematen dizu. Hala ere, badakit, berdin-berdin disfrutatuko dudala ikusten dudanean.
Beti izan da ekitaldi sinestezin bat, bakarra, eta Donostian egitea ikaragarria da. Eta film hau Donostian estreinatzea, ederra. Aktore taldea, gainera, harrigarria da; izugarri pozten naiz hor daudelako eta jaialdiak ematen dien ikusgarritasun hori izango dutelako.
Zer duzu esku artean orain?
Duela hiru urte, oso istorio pertsonal bat idazten hasi nintzen. Film labur bat idatzi nuen, baina oso motza geratu zitzaidan eta film bat idatzi nuen gero, nire lagun eta lankide Miguel Cardenasekin batera. Film labur hori filmatu nahiko genuke, eta nik zuzendu. Udaberrian hasi nintzen ekoiztetxeekin harremanetan jartzen, baina ez da erraza kasurik ez egitea, inor ez zarenean.
Eta nola daramazu jantzitegitik zuzendaritzarako salto hori?
Ez dauka zerikusirik. Zuzendaritzan dena erabaki behar duzu, zure iritzia eman behar duzu denerako; ez, soilik, jantzitegirako. Nik moda ikasi dut, baina bizitza osoa daramat idazten eta uste dut honela ere ikasten dela.


