5.000 metro oihal, erabakitzeko eskubidearen alde
Gaur egunean zehar milaka herritar elkartuko dira Donostian, Gure Esku Dagoren ekitaldietan.
Eskuak ematetik, borondateak jostera pasa nahi du orain Gure Esku Dago ekimenak. Duela urtebete milaka herritarrarrek eskuz esku lotu zituzten Durango eta Iruñea; gaur bost hiriburuetan eguerdian oihal kateak egin eta gero hautetsontzi erraldoiak eraikiko dituzte. Gaur hautetsontzia, bihar erabakia da Gure Esku Dago-ren leloa gaur. Donostian 5.000 metro oihal elkartuko dituzte, sei zubitan osatuko duten oihal katean, eta arratsaldean, Anoeta estadioan hautetsontzi erraldoia osatuko dute.Gure Esku Dagoren ekitaldiak Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean egingo dira. Bost oihal kate, eta beste horrenbeste ekitaldi nagusi, eta neurri txikiagoko hainbat emanaldi eta ikuskizun. Donostian 60.000 lagun espero dituzte gaur.
Jaia eguerdian hasiko da, 12:00etan, Kursaal zubitik Realaren zubiraino egingo duten oihal katearekin. Iaz egin zuten giza katea gogoratzeko festa izango da sei zubitan egingo dutena. Bertan biltzen diren lagun guztien artean eutsiko dute 5.000 metroko oihal katea. Antolakuntzatik eskatu dute 11:30etarako zubietan egoteko. Durangotik Iruñera egindako giza katean bezala, musikaz girotuko dute oihal katea: dultzaineroak, batukadak, trikitilariak, elektrotxaranga… Eta giza kate hartan bezala, oihal katea ere herrika banatuko dute.2014ko ekainaren 8 hartan donostiarrak Sakana aldeko kilometroetan bildu ziren. Oraingoan, Donostiak Gipuzkoa osoko herritarrak jasoko ditu Urumean. Donostiarrak Kursaal eta Santa Katalina zubiaren arteko gunean izango dira. Lasartealdea, Hernanialdea, Oarsoaldea, Urola Kosta, Debagoiena, Tolosaldea, Debabarrena, Goierri eta Bidasoako herritarrak jarriko dira ondoren, zubiz zubi, Realaren zubiraino.Oihal katea 12:30ean bukatuko da, eta handik kalejiran joango dira denak Anoeta estadiorantz. Anoeta inguruan jateko eta edateko postuak izango dituzte herritarrek, eta mini estadioan musika maratoia izango da, hainbat talderen kontzertuekin, Su Ta Gar, Glaukoma, Skakeitan eta Ze Esatek, besteak beste. Haur eta familientzako gunea Illunben egongo da. Gipuzkoako pailazo guztiak elkartuko dira bertan, guztien gozamenerako.Ekitaldi nagusia Anoeta estadioan izango da, 17:30ean. Sarrera erosi behar da ekitaldi honetarako. Gaur Anoetako leihatiletan izango dira sarrerak salgai, 10 eurotan.