Lehen aldiz jatorriz euskaraz idatzitako lan bat argitaratu dute zikloan, eta Iñaki Lazkano donostiarrak idatzi du.
Iñaki Lazkano, liburuen aurkezpenean, Kursaalen. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Nosferatu bildumako bi libururen berri eman dute Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak, gaur goizean. Zehazki, Krzysztof Kieslowski zinemagile poloniarrari eskainitako lanak dira, bata euskaraz:
Krzysztof Kieslowski. Halabeharra, etika eta bigarren aukera, eta bestea gazteleraz:
La doble vida de Krzysztof Kieslowski. Iñaki Lazkano donostiarrak idatzi du euskarazko liburua. Bildumako euskarazko laugarren liburua da, baina jatorriz euskaraz idatzitako lehena.
Iñaki Lazkano Arrillaga (Donostia, 1971), Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea da. Euskal Herriko Unibertsitateko Kazetaritza II sailean ematen ditu eskolak, eta zinema nahiz kazetaritzarekin lotutako gaiak ikertzen ditu. “Liburu hau nire tesiaren ondorio bat da, eta lau ataletan banatu dut”, azaldu du Lazkanok. Izan ere, duela hiru urte tesi bat idatzi zuen Kieslowskiri buruz, eta orain beste era batera sakondu du gaia.
Lazkanok hainbat artikulu idatzi ditu
Jakin,
Uztaro,
Tripodos, eta
Sesion no numerada gisako aldizkari akademikoetan. Horretaz gain,
Cortometrajes de Kimuak. Semillas del cine vasco (Comunicacion social, 2014) liburua idatzi du, Ainhoa Fernandez de Arroiabe eta Nekane E. Zubiaurrekin elkarlanean. Kazetaritzan, ibilbide oparoa du. Prentsa idatzian,
IRUTXULOKO HITZAn eta beste zenbait hedabidetan ere egin du lan. Zinemarekin lotutako kolaborazioak egin izan ditu
Berria,
Gara,
Euskadi Irratia eta ETBn, besteak beste.
Gaztelerako liburua hamabi lagunen artean idatzi dute (horietatik zazpi poloniarrak), eta Joanna Bardzinskak koordinatu du. (Bardzinska bera barne hartuta). Halaber, liburuan Agnieszka Holland zuzendariaren hitzaurrea eta Kieslowski beraren testuak ere sartu dituzte.
Lehen aldiz Tabakaleran
Bildumako hamabigarren eta hamahirugarren liburuak dira 2015an argitaratutako hauek. Izan ere, Nosferatu zikloaren barnean, urtero argitaratzen dute liburu bat. Zehazki, zinemagile edo garai bati lotutako filmak eskaintzen dituzte 1989ik, Antzoki Zaharrean, eta horrekin lotutako argitalpen bat ere kaleratzen dute. Aurten, ordea, zikloa urriaren 7tik aurrera Tabakaleran egongo da ikusgai, lehen aldiz.
Donostia 2016 Elkarrizketak, Poloniako Kultura Institutua eta Łodz-eko Zinematografia Museoaren laguntzarekin editatu dituzte liburuak; Kieslowskiren obraren atzera begirako zikloaren osagarri. Okendo Kultur Etxean jada ikus daitekeen erakusketarekin batera, zikloak eta liburuek Krzysztof Kieslowskiren ibilbidea omendu eta aitortzen dute.