Sagardoaren bueltan ospatu dute Pilar eguna Martutenen
Ostiralean hasi zituzten jaiak Martutenen, eta gaur amaituko dira. Sagardo eguna izan ohi da azken egun honetako hitzordurik nagusiena, baina arratsalderako ere badute planik: 18:00etan Tor eta Txomorro magoek magia ikuskizuna eskainiko dute, parkean. 20:00etan Lumagorriko oilasko errea eskainiko dute. Eta jaiei amaiera emateko, Astondoa pirotekniaren su artifizialak, Sorginzulo plazan.
Euri txikiak ez ditu kikildu Martutene eta inguruko herritarrak, eta Arantzazuko Ama ikastolako jolastokia lepo bete da eguerditik aurrera. Sagardogileak alde batean, eta artisau, talogile eta baratzako produkturik onenak hartuta etorri diren nekazariak beste aldean; tartean, berriz, trikitilariak, eta hara eta hona ikusmiran eta pintxoak janez zebiltzan ehunka herritar.
Bakailao lehiaketan parte hartu duten elkarteek ere izan dute euren txokoa; zazpi elkarte bildu dira guztira. Ez da erreza errezetaren sekretua ezagutzea, baina guztiek lapikoa etengabe astinduz prestatu dute bakailaoa pil-pil erara.