Kortxoenearen aldeko manifestazioa egingo dute larunbatean, 17:00etan
Kortxoenea gaztetxeko kideek agerraldi bat egin dute eraikinaren kanpoaldean, atzoko gertakariei buruz hitz egiteko. Ategorrietan izandako protestan Ertzaintzak erabilitako bortizkeria salatu dute, eta zauritutako gazte baten irudia erakutsi dute, buruan kolpea jaso eta gero hartutakoa. Larunbaterako manifestaziora deitu dute. Bulebarretik abiatuko da mobilizazioa, 17:00etan. Bestalde, Katalunia plazan jarduerak egingo dituzte egunero, 17:00etan.
Eraikina eraisten ari dira, baina Kortxoeneak bizirik jarraituko duela nabarmendu dute. Ekainean hutsik geratutako Zemoria kaleko eraikina erabiltzeko proposamena jarri dute berriro mahai gainean. Hain zuzen ere, udalari parte hartze prozesu bat proposatu zioten eraikina kudeatu ahal izateko, “eraikin hau auzoari zabaltzeko aukera ezin hobea dela uste dugulako. Proiektu horrekin aurrera jarraitzeko prest gaudela berretsi nahi dugu”.
Gaztetxearen inguruan ertzain asko zeuden gaur ere. Agerraldia eraikinaren kaleko beheko parkean egin dute.