Mikel Zabalza Herri Ekimenak mozio bat aurkeztu du, udalaren konpromisoa eskatuz
Udalak 1985eko abenduaren 6an onartutako mozioa berretsiz, Zabalzaren heriotza eragin zuten gertaerak argitzen laguntzeko eskatu dute mozioan.
Gainera, batzorde bat sortzea nahi dute, bide horretan “egia eta justizia ezartzen, bere memoria sustatzen, biktima gisa onartua izan dadin eragiten, eta Mikel Zabalzari eta bere senideei erreparazioa eskaintzen parte aktibo izateko, beste erakundeekin, DBuseko langileekin eta herri ekimenekin batera”.
Azkenik, udalak DBuseko langileek eta Mikel Zabalza Herri Ekimenak antolatutako oroimen eta elkartasun jardueretan parte hartzeko dei egitea eskatu dute.
Urriaren 24an egindako prentsaurrekoan iragarri zuten 30. urtemuga izanik, hainbat jarduera antolatuko zituztela. Hala, azaroaren 11an Mikel Zabalza auzia eta Euskal Herrian torturak izan duen eragina aztertuko dituen Galdutako Objektuak dokumentalaren proiektua aurkeztuko dute Aieteko Bakearen Etxean.