Datorren urteko inbertsioa %32 handituko da
Abenduaren 22ko udalbatzarrean behin behineko onarpena ematea espero dute 2016ko aurrekontu proiektuari.
2016ko aurrekontu proiektua bihar onartuko dute Tokiko Gobernu batzordean, eta ondoren publiko egingo dute. Hau da, alderdi politiko guztietako ordezkarien nahiz herritarren eskura jarriko dute, zuzenketak aurkezteko aukera izan dezaten.
Onarpen hori baino lehen, ordea, Donostiako alkate Eneko Goiak eta Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak aurrekontu proiektuaren zirriborroaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte gaur prentsaurrean, udalbatzaren araudi organikoak eskatzen duen moduan.
Donostiako Udalak 377.654.622,21 euroko aurrekontua izango du orotara; 2015ekoa baino %5,34 handiagoa. Horietatik 313 milioi dira udalarenak eta gainerakoa erakunde autonomo eta elkarteenak. Eneko Goia alkateak adierazi du, datorren urtekorako prestatu dutena “inbertsio handiko aurrekontua” izango dela, “2016a bezalako urte erabakigarri batek horrela eskatzen duelako”. Hala, inbertsioak %32,64 handituko dira.
Aurrekontuaren lehen zirriborro honetan 128 proiektu jaso dituzte. Horien artetik Urumea ibaiaren inguruko lan guztiak eta Altzako kiroldegia nabarmendu ditu alkateak. Biak ere urtebete baino gehiago luzatuko direla onartu arren, aurrekontuaren zati handi bat eramango dutela esan du.
Kultur hiriburutzak ere badu isla aurrekontuetan. 10 milioi euro bideratuko ditu udalak, erdia Donostia 2016 Fundazioarentzat eta beste erdia hiria prestatzeko.
Hiriaren prestaketarekin lotuta, mantenu eta garbiketa lanetarako partida igo dutela jakinarazi du alkateak. Hala, bide nahiz fatxaden garbiketarako saila %7,72 handiagoa izango da, asfaltatzeko saila %5,17 handiagoa, eta parke zein lorategiak mantentzeko saila %3,33 handiagoa; 13 milioi euro guztira.
Bestalde, gizarte zerbitzuetarako baliabideak ere indartuko dituzte, aurreko partida guztiak mantenduz, eta ezusteko gizarte larrialdietarako kopurua %150ean handituz. Aurten 220 milioi bideratu dituzte, eta 2016rako 559 milioiko aurreikuspena egin dute.
2016rako aurrekontu proiektua aurkeztearekin batera, bihar eguerdian bozeramaileen batzordeak izapideen egutegia onartuko du. Hala, bihartik abenduaren 3a arteko epea emango dute zuzenketak aurkezteko. Abenduaren 11an herritarrentzako aurkezpen irekia egingo dute udaletxean. Eta abenduaren 22ko udalbatzarrean behin behineko onarpena ematea espero dute.