HIESaren aurkako egunaren aurkezpena, udaletxean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Abenduaren 1ean HIESaren eta GIBaren aurkako eguna da, eta aldarrikapen horien ikur bihurtu den
begizta gorria ikusgai egongo da nonahi. Kursaal eraikinaren argia, udaletxeko fatxada, udal ekipamenduak eta hainbat garraio publiko ere jantziko dituzte begizta gorriarekin.
Bestalde,
informazio mahaiak jarriko dituzte, Loiola kalean, San Martin merkataritza gunearen ondoan, 11:00etatik 13:30era. Arratsaldean, berriz,
elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan, Kalkutako Teresa plazan, Hiesaren memorialaren inguruan.
Udalak ere bat egin du HIESaren aurkako eguneko aldarrikapenekin, eta jardueretan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
ACASGI, EHGAM, GEHITU eta Harribeltza elkarteetako kideak udaletxean izan dira, HIESaren aurkako egunaren inguruko xehetasunak ematen. Aurrerapen zientifiko garrantzitsuak egin direla adierazi dute, eta horrek gaixotasuna duten pertsonen bizi kalitatea nabarmen hobetu duela aitortu dute. Dena dela,
HIESa “gizarte osoaren erantzukizuna” dela adierazi dute, eta ordezkari politiko nahiz herritarren ardura eskatu dute.
Joseba Errekalde Harribeltzako kideak adierazi duenez gainera, GIBarekin kutsatutako kasuek gora egin dute gizonen arteko harremanetan, eta geroz eta gazteagoak kutsatzen dira gainera. Orain arte, batazbesteko adina 35-40 urtekoa zen, eta adin hori jaisten ari da. Egoera honen aurrean, “prebentzio eta kontzientziazio lan etengabea” eskatu du Errekaldek.